Kolore askoko elkarretaratzeak indarkeria matxistaren aurka
Goierrin hamaika ekintza egin dira indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioek Goierri alderik alde koloreztatu dute: Beasaingo kioskoa gorri bilakatu du asanblada feministak; Lazkaoko udala morez argitu da. Egiari zor, morea izan da nagusitu den kolorea. Goierritar asko atera da kalera ikur moreak soinean zituela indarkeria matxista salatzeko.
Indarkeriari aurre egiteko tresnak eskatu dituzte. Baina “benetako neurriak”, eskatu ditu Mugimendu Feministak. “Ez dugu benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere. Promesa faltsuetaz nazkatuta gaude”. Neska Gazteakek eta Itaiakek ere bat egin dute mezuarekin.
Indarkeria arlo fisikora mugatzea akatsa dela azpimarratu dute. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko botere harremanak, gorroto mezuak, gizarteak ezartzen dituen edertasun ereduak… ere indarkeria direla aipatu dute. Eta azken hilabeteetan egoera okertu egin dela ohartarazi dute. “Jendarte hau jasangaitza da emakume eta genero disidenteontzat», esan du Mugimendu Feministak.