Morea da gaurko kolorea
Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Mobilizazio eta ekintzak antolatu dituzte erakunde eta talde eragileek
Azaroaren 25a da gaur, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna. Goierriko herri guztietan egingo dira elkarretaratzeak, manifestazioak edota emakumeenganako indarkeriaren aurkako eta indarkeria hori bistaratzeko ekitaldiak, erakunde eta talde eragile desberdinek antolatuta. Egitaraua bete-betea dator.
Egun honen atarian adibidez, Emagin elkarteak mahai informatiboa jarri du Ordizian. Emaginek, 65 urtetik gorako emakumeek jasaten duten indarkerian jarri du fokua aurten. Mahai informatiboan izan da Maider Avaristo Emagineko formatzailea. Avaristok berak azaldu duenez, bere lana da «tailerrak eta hitzaldiak egitea». Gaur, arratsaldean, Indarkeria matxista zahartzaroan. Ikusten ez dena ikusaraztea hitzaldia izango da, hitzaldia emango du Ordizian.
Gaia oso larria da. Avaristok esan duen moduan, «zahartzaroan ematen den indarkeria, orain arte, beti, isilarazi egin da eta bada hori azaleratzeko garaia».
Adin tarte horretako emakume askok jasaten dute indarkeria. Errealitate horri tenperatura hartzeko lagungarri izan daiteke Gurutze Gorriak egin duen ikerketa. Horren arabera, 65 urtetik gorakoen %40ak tratu txar fisiko, psikologiko, ekonomiko edo sexualak jasan ditu; %27ak, 20-30 urtetan zehar jasan izan du biolentzia hori; eta %70etik gora, seme-alaben aurrean. Beldurgarria da datuok azaleratzen dutena. Baina hotzikara ematen duen gehiago ere bada, izan ere, momenturen batean hilko zituzten beldur izan ote ziren galderaren aurrean, %35ak baietz erantzun zuen.
Avaristok emango duen hitzaldiarekin «horren delikatua den gai honen inguruan hitz egiteko espazio seguru bat sortzea da helburua, orain arte tabua izan den gai honi tokia eman behar zaio, ezin delako isilarazten jarraitu».
Emagineko formatzaileak «galdera konkretuak eginez» garatuko du gaia: «Noiz hasten da zahartzaroa? Zer da indarkeria? Zergatik ari gara batez ere kolektibo honen inguruan hitz egiten?…». Adin tarte guztietako emakumeek pairatzen dute indarkeria matxista, baina adin tarte horretan «mota askotako indarkeria egoerak jasan dituzte eta jasaten jarraitzen dute, normaltzat barneratu dituzte batere normalak ez diren egoerak,… Horiek azaleratzea guztiz beharrezkoa da, esperientziak elkarbanatzeko espazioak sortzea,… eta hori da gaurko hitzaldiarekin lortu nahi duguna». Gehiago kontatu gabe, gaur, Ordiziako Zuhaizti gizarte zentroan, 17:00etatik aurrera emango duen hitzaldira gonbita luzatu du.
Mobilizazioak
Dena den, eta esan bezala, egitaraua zabal-zabala izango da gaurko egunez. Mobilizatzen goiztiarrenak, ikasleak izango dira. Goierriko hainbat ikastetxeetako atarietan elkarretaratzeak deitu ditu Ikasle Abertzaleak taldeak, eta deialdiak egin dituzten herrietan Indarkeria matxista eta honi erantzuteko gakoak hitzaldiak emango dituzte.
Goizean ere, manifestazioa egingo dute Ordizian, Kimetz elkarteak deituta. Herriko ikastetxeek ere parte hartuko dute deialdi honetan. Altamiratik abiatuko dira eta Plaza Nagusira iristean, ekitaldia egingo dute.
Baina batez ere, gaur arratsaldean egingo dira mobilizazio gehientsuenak, Goierrin, talde feminista desberdinek eta udalek deituta. Goierriko Pentsiodunek eta Goierriko Neska Gazteak taldeak, Goierrin bertan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Itaia Goierriko kideek ere egin dute gaurko mobilizazioetan parte hartzeko deia; Donostian egingo den manifestazioan izango dira.