Euskararen Egunerako balkoiak apaintzeko deia egin du Aittuk
Beasaingo umeek Gartxi, Mariren alaba ezagutuko dute ostiralean. Eguna girotzeko, balkoietan koloretako ttanttoak jartzeko deia egin diete herritarrei.
Aittu Euskara Elkartea ekitaldi berezi bat antolatzen ari da datorren ostiralerako, Euskararen Eguna dela eta. Beasaingo 6-7 urte arteko ume guztiak Zubimuzu plazan elkartuko dituzte 11:00etan, Mariren umeari ongietorria emateko. Gar Txiki edo Gartxi da Mariren alaba, eta berak ere parte hartu nahi du Euskararen Eguneko ekitaldietan. Amak, ordea, ardura bat eman dio, sua eta amak eman dion euskara zaintzea. Egun horretan, Beasaingo umeei ekarriko dizkie, egun batez, haiek zaindu ditzaten.
Euskararen Ttanttoak balkoietan
Euskararen Eguna datorren ostiralean bada ere, gaurtik hasi daiteke eguna girotzen. Izan ere, Aittuk etxeetako balkoiak euskararen ttanttoekin apaintzeko deia egin die herritarrei. “Euskararen bandera ttanttoduna da, euskararen iturri zaharretik euskaldun guztiok, tantaz tanta, osatzen dugun emaria irudikatuz”. Horregatik, koloretako ttanttoak jartzeko eskatu dute, balkoi nahiz leihoetan. “Asteburu euritsu honetan zer hoberik etxeko txikienekin batera balkoi eta leihoak euskararentzat apaintzea baino!”. Ondoren, balkoietan ateratako argazkiak jasoko dituzte, gainontzeko herritarrek ere ikus ditzaten.