Giro grisaren gainetik, kolorea nagusi
Ormaiztegiko San Andres jaietan, mozorroen eguna ari dira gaur ospatzen. Eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, kuadrillak jantzi koloretsuekin eta umore onez atera dira kalera.
Eguraldiak ez du laguntzen, ezta azken asteetako egoerak ere. Baina herritarren festarako gogoa nagusitu da gaur, eta ormaiztegiarrek mozorro eguna ospatu dute, jantzi koloretsuz eta umore onez beteta. Hain zuzen ere, 2021. urtearen hasiera berriz ospatu duen kuadrilla izan da zeresan gehien eman dutenetako bat; Eguberrietako loteriaren bonboa, urte zaharretako erlojua eta mahatsak, xanpaina… ez zuten detailerik falta. Gainontzean, denetariko mozorroak ikusi ahal izan dira, hippiak, banpiroak, bikingoak… baita Beasain-Bergara errepideko bidesariari erreferentzia egin dionik ere.
Iluntzeko 20:00etan jakinarazi dituzte aurtengo mozorro lehiaketako sariak nork jaso dituen.
GAZTETXOAK (12-16 urte)
- Girorik onena: Herrialde Desberdinak. Saioa Lasa eta Elene Gazteluren koadrila
- Jantzirik originalena: Butaneroak. Urtzi Diezen koadrila.
- Mozorrorik landuena: hutsik geratu da
HELDUAK
- Girorik onena: Zorretan genuen urte zaharra. Itziar Arozena eta Arantxa Amundarainen koadrila
- Jantzirik originalena: Punk. Izaro Mendizabal eta Sarai Goristidiren koadrila
- Mozorrorik landuena: Euskal Mitologia. Izaskun Vazquezen koadrila.
- Aipamen berezia emakume jubilatu koadrilarentzako: Merkealdiak. Rosarito Berasategi eta Asun Mendizabalen koadrila.
Gauean, berriz, erromeria izango da plazako karpan, Mugi Panderoa taldearekin. San Andres jaietako ospakizunek bihar jarraituko dute, Odolki Egunarekin. Goizean zehar artisau produktu gastronomikoen azoka izango da plazan, eta eguerdian banatuko dituzte odolki lehiaketako eta sukaldaritza lehiaketako sariak.
Arratsaldean, Balu artistak jarritako erakusketa itxiko dute, eta egilearekin solasaldia egiteko aukera izango da. Iluntzean, berriz, Puro Relajo taldearen kontzertua izango da, karpan.