Gartxik euskararen epeltasuna Beasainera jaitsiko du
Mariren alabak euskararen bandera ttanttoduna ekarriko du. Balkoiak ttanttoekin apaintzeko eskatu dute
Bittor Kanpanagak esan zuen Gabriel Aristiren aitaren etxea, Euskal Herria, bizigarri egiten duena sua dela. Euskara, alegia. Hizkuntzak lurrari izatea ematen diola esan zuen, nortasuna.
Gartxi da Beasaingo suzaia. Mariren alabaren ardura da garrak piztuta mantentzea. Ostiralean, euskararen egunean, jai hartuko du, ordea, eta ardura herriko haurren esku utziko du. Aldaketa Zubimusu plazan irudikatuko dute, 11:00etan. Ekitaldian Xabier Castillo Xeberri eta Teresita Irizar Aranburu omenduko dituzte.
Xeberrirena da euskaldunen gutasuna irudikatzen duen Bagare abestia. 45 urte dira lehen aldiz kantatu eta diskoratu zuenetik. Urteurrenaren harira, Aitor Alvarez txistulariak, Martin Kortaberria biolin eta gitarra jotzaileak eta Maddi Otamendi abeslariak moldaketa bat egin dute. Gontzal mendibil Xeberriren kantu-laguna alboan izango dute; Monika Castillo Xeberriren alaba ere bai.
Teresita Irizar Aranburu ehun urtez baino gehiago euskarari irekita izan den Aranburuko zapata-dendako azken kate-maila izateagatik omenduko dute. Gainera, ekitaldian herriko merkataritzaren ordezkari gisa izango da; herritarrak udalean ordezkaritza dute alderdi politikoetako kideek ordezkatuko dituzte eta kultur munduaren izenean Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeetako kideek hartuko dute parte.
17:30ean kalejira egingo dute erraldoi eta buruhandiek herriko kaleetan zehar. Goxokiak banatuko dituzte.
Euskararen eguna gaur hasi da
Gartxik, Gar Txikik, euskararen bandera ere ekarriko du. Ikurriñarengatik ordezkatuko dute, Beasainen euskarak agintzen duela irudikatzeko. Bandera koloretako ttanttoz osatuta dago, euskararen iturri zaharretik euskaldun guztiek, tantaz tanta, osatzen duten emaria irudikatuz.
Aittu! Euskara Elkarteak beasaindarrei dei egin die balkoiak koloretako tantoekin apaintzeko. Gaur hastea eskatu dute, ostiralera arte itxaron gabe.