Eragile sozialek «norabide aldaketa sakona» behar dela aldarrikatuko dute
Pertsonen bizitzak erdigunean jarriko dituen politikak eskatu dituzte. Goierri behean eta goian egingo dituzte mobilizazioak. Gehiengo sindikalaren eta 40 eragileren babesa du deialdiak
Lan, pentsio eta bizitza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez lemapean manifestazioa deitu dute ELAk, LABek, Steilasek, ESKk, Etxaldek, Hiruk, CGTk eta CNTk biharko, Beasainen eta Urretxun eta Zumarragan. 18:30ean abiatuko dira manifestazioak, Loinazko San Martin eta Areizaga-kalebarren plazetatik, hurrenez hurren. Deialdiak Euskal Herri osoko ia 40 kolektibo sozialeren babesa du. «Bereizita eta desmobilizatuta nahi gaituzten honetan, elkarrekin indartsuagoak gara», azpimarratu du Kizkitza Ormaetxea Arratibel Ernaiko eta Goierriko Neska Gazteak erakundeetako kideak, Goierriko ELAren, LABen, Ernairen, Pentsionisten mugimenduaren, Neska Gazteaken, Ikamaren eta Koordinadora feministaren izenean.
«Norabide aldaketa sakona», eskatu dute. «Ezinbestekoa» dela diote. «Gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak eta gure herriaren eta planetaren beraren biziraupena erdian jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu». Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema eskatu dute, esaterako, «eros-ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala». Posible dela sinetsita daude. «Ozen eta argi adierazi nahi dugu badagoela gauzak beste era batean egiteko modua eta hemen gaudenok prest gaudela norabide horretan borrokan jarraitzeko».
Jaurlaritzaren aurrekontuek eta politika sozialek, Madrilgo lan eta pentsio erreformek eta Europako funtsen baldintzapekotasunek orain arteko inertziak betikotu egingo dituztela uste dute: «Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest», ohartarazi dute.
«Kudeaketa negargarria»
Pandemiak langile klaseak pairatzen zituen krisi anizkoitzak larritu egin dituela defendatu dute. «Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira», salatu dute. Politikariak eta botere ekonomikoak jo dituzte errudun, «bizitzaren sostenigarritasuna alboratu eta kapital metaketari eusteko erabakiak» inposatu dituztelako.