Jaurlaritzak osasun larrialdia deituko du berriz, datuen gorakada ikusita
Kutsatze mailak eta ospitaleen eta ZIU gelen okupazioak gora egin duela ikusita hartu dute erabakia. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude, neurria indarrean jartzeko.
Ohartarazi zuten eta aurreikuspenik okerrenak bete egin dira. Koronabirusaren datuek goraka jarraitzen dute, bai kutsatze kopuruak eta baita ospitaleetan eta ZIU geletan ingresatutakoen kopuruak ere. Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera ezarri du berriz. Hala jakinarazi du Gotzone Sagardui osasun sailburuak, duela minutu gutxi bukatu den prentsa aurreko agerraldian.
«Egoerak txarrera egiten» jarraitzen duela azpimarratu du sailburuak, eta hainbat datu eman ditu: Atzo, 1.274 positibo atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 60 lagun ospitaleratu zituzten. ZIU gelak ere, larrialdi egoeraren muga-mugan daude; une honetan 49 paziente daude zaintza intentsiboan artatuta.
Neurria ez dute oraindik hartu, baina osasun larrialdia ezartzeko, COVID pasaportea dela eta Espainiako Gorenean jarritako helegitearen erantzunaren zain geratuko direla esan du. Izan ere, neurri juridikoak «marko juridiko» baten babesean hartze aldera, itxarotea garrantzitsua dela uste du sailburuak. Ebazpena egun batzuen buruan jasotzea espero dute, eta horrenbestez, aurki osasun larrialdia berriz ezartzeko moduan egongo direla iragarri du.
Bitartean, indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du. «Eta neurriak baditugu». Jendetzak saihesteko, aireztapena bermatzeko, eskuak maiz garbitzeko eta musukoa edonon erabiltzeko eskatu du. Era berean, gogoratu du prebentzio neurriak ezin badira bete, atzeratu edo bertan behera utzi behar dituztela udalek ekitaldiak. Omicron aldaeraren inguruan esan du oraindik ez dutela kasurik atzeman.
Hiru hilabeteko etena
Osasun larrialdia 2020ko martxoaren 14an ezarri zuen estreinakoz Jaurlaritzak. Ordutik, LABI batzordeak egin du koronabirusaren egoeraren eta honi aurre egiteko hartu beharreko neurrien jarraipena. Aurten, uda ondoren datuek hobera egin zutela ikusita, osasun larrialdia indargabetu zuten, irailaren 6an, eta bertan behera utzi zuten LABI batzordea. Hiru hilabete ere ez dira pasa harrezkero.