Sauna finlandiarraren zale bat Lazkaon bero emaile
Joseba Ossa idazle, itzultzaile eta Artatzako kanpinaren arduradunak Eskandinaviako baliabide horren onurak, ohiturak eta erritu-kultura erakutsiko ditu gaur Lazkaon, Gerriko txokoan egingo duen hitzaldian.
Azkeneko egunotan egiten ari den eguraldi gordinari aurre egiteko moduko tresna bat aurkeztuko dute, gaur, Lazkaon: sauna finlandiarra. Joseba Ossa gonbidatuko du Gerriko kultur elkarteak txokora, eta 18:30ean hasita, Goierrin horren ezohikoa den baliabide horretaz jardungo da, Saunaren berotasunean, Finlandiatik Euskal Herrira hitzaldian, Berriketan atalean.
Idazle eta itzultzaile bezala hartu zuen Joseba Ossak (Zumaia, 1964) entzutea lehenbizi. Arroa Behea auzoari oso lotuta dago, eta hango historiaz liburu bat atera zuen, 2000n. Itzultzaile modura, 1994an hasita, lan ugari euskaratu ditu.
Hiru urte Finlandian
Eskandinaviarekiko lotura 1987tik 1990era sustraitu zitzaion, Emaus elkargoarekin kolaboratzera uda baterako Finlandiara joan, eta hiru urterako bizitzen geratu zenetik. Saunaren kulturarekin eta erritualarekin maitemindu zen, eta harrezkero ohitura hori zabaltzen ari da. Emaztea finlandiarra da, Mia Rissanen. Euskal Herriko saunazale elkartea ere sortu dute.
Baina ez oroimen mailan edo ideien arloan soilik, praktikan ere jarri du saunaren onurak jasotzeko aukera. Artatza herrian (Ameskoa bailara, Nafarroa), Artatza-Urederra Kanpinaren arduradun da, eta han bost sauna jarri ditu. Egurrarekin berotzen dituzte. Etxearen bihotza da sauna, lehenik areto hori jarri eta haren bueltan eraikitzen delako etxea gero.
Gorputzarentzat dakartzan mesedeez gain, saunaren inguruko kultura guztia ere zabaldu nahi du Ossak. «Kutsu sakratua du, elizan bezala egon behar da bertan, errespetuz. Jaiotzarekin eta heriotzarekin lotua dago. Saunan garbitu eta gero elurretan, hotzetan mantentzen dute», aurreratu dute hitzaldiaren gaietako bat Gerriko elkartekoek.
Gorputz biluziak ikusteko ohitura betidanik barneratuta dute finlandiarrek, bestetik. Adinaren igaroa, estatus sozialen desberdinketarik eza eta familiarteko lotsak gaindituta eta normalizatuta dituzte txikitatik, saunari esker. «Finlandian gonbidatuz gero, ez egin atzera. Konfiantza agertzen du eta onartu».
Osasun eta higiene ohitura ezezik, «errituala» ere bada sauna. «Denbora hartu behar da, erlojurik gabe. Sua piztearekin hasten da errituala; naturaren oinarrizko elementuak daude». Kanpin filosofian uztartzen du.