Nerea Azurmendi eta Oroitz Jauregi kide urgazle egin ditu Euskaltzaindiak
Euskararen akademian euskaltzain laguntzaile bezala sartuko dira legazpiarra eta legorretarra. Itziar Idiazabal, Xabier Mendiguren eta Josu Zabaleta, berriz, ohorezko izendatu ditu
Euskararen akademiaren lantaldean goierritar gehiago izango dira, aurrerantzean. Euskaltzaindiak ostiralean Iruñean egindako batzarrean zenbait kargudun izendatu zituen: 19 euskaltzain urgazle eta 26 ohorezko euskaltzain. Atzo jakinarazi zituen izenak, eta horien artean bost dira goierritarrak.
Euskaltzaindiko kide lehendik baziren hiru ohorezko tratamendura igo ditu akademiak: Itziar Idiazabal Gorrotxategi gaintzarra, Xabier Mendiguren Bereziartu ezkiotarra eta Josu Zabaleta Kortaberria legazpiarra. Urgazle ziren orain arte.
Beste hiru goierritar euskalari entzutetsu dira lehendik ohorezko euskaltzain: Dionisio Amundarain helduen euskalduntze-alfabetatzearen aitzindaria, eta Jakin Taldearen sorrerako Joxe Azurmendi eta Joseba Intxausti.
Azurmendi eta Jauregi
Euskaltzaindiko kide lehen aldiz bihurtuko direnak Nerea Azurmendi Zabaleta kazetari legazpiarra eta Oroitz Jauregi Nazabal hizkuntzalari eta irakasle legorretarra dira, urgazleen sailean biak. Beste sei goierritar ari dira akademiaren batzordeetan laguntzaile modura lanean.
Nerea Azurmendi (Legazpi, 1961) 1982an hasi zen kazetari lanean, Deia-n. Prentsa-bulegoen arduradun jardun zen gero, Donostiako Udalean, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan eta Euskaltzaindian bertan. 1999tik Vocento taldean ari da, euskarazko Zabalik agerkariaren zuzendari lehenik, eta El Diario Vasco-n erredaktore gero.
Euskaldunon Egunkaria sortzeko talde eragileko kide izan zen, 1990 inguruan. Euskadi Irratian ere tertuliakide aritzen da. 1990ean, Argia-n zebilela, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen, Sekzioa atalean.
Oroitz Jauregik (Legorreta, 1974) 2009an I. Koldo Mitxelena Saria irabazi zuen, EHUk eta Euskaltzaindiak antolatua. Euskararen silaba, egitura eta historia ikerlanarekin, euskarazko tesi onena egin zuen, Humanitateen sailean. Hizkuntzalaria eta irakaslea da.
Gerhard Bahr euskalari legazpiarrari buruz egindako liburua argitaratu zuen 2005ean, Bahrrek Azkuerekin, Schuchardt-ekin eta Urkijorekin trukatu zuen gutuneria emateko. 2016an, berriz, gerrari buruzko Hurrengo geltokia filma egin zuen, Jon Diazekin batera.
Euskaltzain goierritarrak
OSOAK
· Mikel Zalbide(Donostia, 1951). Zerainen bizi da. 2006tik.
OHOREZKOAK
· Dionisio Amundarain(Itsasondo, 1930). Urgazle 1996, ohorezko 2014.
· Joxe Azurmendi(Zegama, 1941). Urgazle 1965, ohorezko 2010.
· Joseba Intxausti(Segura, 1936). Urgazle 1961, ohorezko 2004.
· Xabier Mendiguren(Ezkio, 1945). Urgazle 1975, ohorezko 2021
· Itziar Idiazabal(Gaintza, 1949). Urgazle 1991, ohorezko 2021.
· Josu Zabaleta(Legazpi, 1948). Urgazle 2006, ohorezko 2021.URGAZLEAK
· Iñaki Amundarain(Donostia, 1966). Ormaiztegiarra. 2013tik.
· Pilartxo Etxeberria (Aliaga, Teruel, 1947). Zaldibiarra. 1996tik.
· Jesus M. Etxezarreta (Zumarraga, 1940). 1996tik.
· Juan Gartzia (Legazpi, 1955). 2013.
· Arantza Idiazabal (Gaintza, 1945). 1967tik.
· Pello Telleria(Legazpi, 1950). 2003tik.
· Nerea Azurmendi (Legazpi, 1961). 2021ean.
· Oroitz Jauregi (Legorreta, 1974). 2021ean.