«Buru osasun arazoak izanda ere, bizi-kalitate ona izan daiteke»
Agifes elkarteko gizarte-langile Garazi Sesmak buru nahasmendua duten pertsonen eta euren eta senideen bizi-kalitatea hobetzearen inguruan mintzatu da, besteak beste.
Hitzaldia eman duzu Ordizian, Buru osasuna eta bizi-kalitatea izenburupean. Zer da buru osasun arazoa?
Ez dago buru osasunaren definizio ofizialik, baina honela uler genezake: Emozionalki, kognitiboki eta jokabide aldetik orekatua egotea; horrela, familian, gizartean eta lanean modu arduratsuan jardun eta ongizate eta bizi-kalitate egoki batez gozatu ahal izateko.
Ez da arazo berria, baina azken hilabeteetan gai honen inguruan gehiago entzuten ari gara…
Orain, pandemiagatik, eta bizitzen ari garen guztiagatik batez ere, Agifesera hurbildu diren pertsonen kopuruak gora egin du nabarmen. Pertsona horiek kontatzen digute, konfinamenduaren ondorioz edo etengabeko tentsio-egoera hori bizitzeagatik hasi direla arazoak. Horrek guztiak, antsietatea edo depresioa eragin ahal izan die, bai.
Pertsona helduetan eta gazteetan egin du gora honek. Guraso asko etortzen dira Agifesera, konfinamenduaren ondoren 15 urteko semea edo alaba antsietate arazoekin hasi delako, eskolara joan nahi ez duelako,…
Lehen ere bazegoen beharra, gai honen inguruan sakon hitz egiteko, eta gertatzen ari dena kontutan hartuta, are eta gehiago.
Buru osasun arazoak izanda ere, bizi kalitate ona izan daitekeela aipatu duzu. Nola?
Bizi-kalitatea da pertsonak oinarrizko minimo batzuk izatea, hala nola, elikadura, etxebizitza… Laburbilduz, oinarrizko beharrak beteta eduki behar dira. Dena den, hori baino urrutiago ere joan behar da, pertsonaren beste dimentsio batzuk ere ikusi behar dira, bizitza guztiz betea izateko; ongizate emozionala, pertsonen arteko harremanak izatea, desio eta jomuga horiek asebetetzea,…
Kontua da, batzuetan buru osasun arazo bat duen pertsonak, medikazioa hartzean eta psikiatrarekin hitzorduetara joatean jartzen dela arreta guztia, baina hori baino gehiago behar da bizi-kalitate on bat edukitzeko.
Zer gomendatzen diezu, zerbait ondo ez doala pentsatzen ari diren pertsonei?
Pertsona batek, bai bere baitan, bai senide batean, zerbait ondo ez doala edo arazoren bat dagoela antzematen duenean, eta zer gertatzen ari den identifikatzen ez dakienean, laguntza eskatzea gomendatzen dugu, lehenik eta behin.
Agifesera jo dezakete, hala nahi badute, zeren saiatzen gara, buru arazoren bat duten pertsonei eta senideei orientazioa ematen, eman dezaketen pausoen inguruan.
Gure ustez, garrantzitsuena da buruko osasun arazoren bat dagoela sentitzen edo pentsatzen hasten zarenean, profesional batengana jotzea. Beti laguntza eskatu. Askotan uste dugu super heroiak garela, baina batzuetan, ezin dugu guztiarekin, eta laguntza eskatu behar da.
Azken aldian, asko hitz egiten ari da gai honen inguruan, baita tabuak apurtzeak duen garrantziaz. Zein da zure iritzia?
Oso erraza egiten zaigu mundu guztiari osasun fisikoko arazo bat azaltzea, baina buru osasun arazoez hitz egiten hasten garenean, jendea geratzen gara pixka bat… ez dakiela zertaz hitz egiten ari zaien edo ez dutela ulertzen. Estigmatizatuta dagoen gai bat da orokorrean eta sinesmen faltsuak daude, ez baita nahikoa hitz egin, eta hau, gaia gizarteratzea alegia, oso-oso garrantzitsua da.
Agifes, Zeuk aukeratu izeneko programa berri bat gauzatzen ari da. Ikastetxeetan egiten den sentsibilizazio-programa bat da, 10 eta 18 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago, eta hain zuzen ere, buru osasun arazoen inguruan hitz egiteko eta normalizatzeko da. Txikitatik irakasteko hitzaldiak dira, edo, gutxienez, gai honen inguruan hitz egiteak duen garrantziaz eta buru osasuna zaintzearen garrantziaz jabetzeko.
Zein beste zerbitzu eskaintzen dituzue?
Batetik, senitartekoentzat banakako laguntza-zerbitzuak eta laguntza-taldeak ditugu, non beste senide batzuekin elkartu daitezkeen, beren egoera berean dauden beste pertsona batzuk ezagutu, eta etxean bizitzen ari diren egoerez hitz egin, besteak beste. Banakako laguntza zerbitzua, etxean bizitzen ari diren egoerari aurre egiteko jarraibide edo orientabide txiki batzuk eman ditzakeen psikologoarekin egotea litzateke.
Bestetik, buru osasun arazoak dituzten pertsonentzako banakako laguntza eta laguntza-taldeak ditugu. Une honetan bi laguntza-talde ditugu: bata, depresioa duten pertsonentzat, eta, bestea, nahasmendu bipolarra duten pertsonentzat.
Eta horiez gain, beste zerbitzu eta programa batzuk ere eskaintzen ditugu, hala nola, eguneko zentroak, laguntza psikosozialeko zentroak, tutoretzapeko etxebizitzak… Xehetasun gehiago behar duenak, gure webgunea bisita dezake.
Nolakoa izaten da elkartearekin lehen kontaktua?
Normalean elkartera deitzen dute, eta gizarte-langilearekin hitzordua eskatzen dute. Harrera horretan, bizitzen ari den egoeraz hitz egin ohi da, eta orientatzea eta eman daitezkeen urratsak ikustea da kontua.
Buru osasun arazoen kasuek «gora» egin dute
OMEk dio lau pertsonatik batek nahasmendu mentala izango duela bizitzan zehar. Herrialdeko biztanleriaren % 6,7 antsietateak jota dago. Helduen % 2,5 eta % 3 artean burunahaste larriak dituzte, hala nola eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresio handia. 2020an, Euskadiko osasun mentaleko zerbitzuak 14.024 adingabe artatu zituen, eta horietatik % 25 Gipuzkoan artatu ziren.