Goierritarrek Malerrekako tontorrak argituko dituzte
Gure Eskuk, Kataluniako eragileekin batera, Pirinioak alderik alde argiztatuko ditu erabakitzeko eskubidearen alde. Uztailaren 2an izango da
Gure Eskuk, Kataluniako eragileekin batera, Pirinioak argiztatuko ditu erabakitzeko eskubidearen alde, Iger lurmuturretik Creus lurmuturreraino. Goierritarrek Malerreka (Nafarroa) inguruko mendiak argituko dituzte. Uztailaren 2an izango da.
Antolaketa lanekin hasita daude. Atzo Beasainen egin zuten bilera irekia eta gaur Urretxun egingo dute, 19:00etan, kultur etxean. Herritarrak aktibatzea dute lehen urratsa. Goierriko 23 herriak eta Euskal Herri osoko 200 herri mobilizatzea da helburua, 800 bat kilometroko segida osatzeko.
Pirinioetara joan ezin dutenentzat edo nahi ez dutenentzat Goierrin bertan ekintza osagarriak antolatu nahi dituzte. Berdin, Malerrekan. Gainera, antolaketa lanak elkarlanean egin nahi dituzte, eskualdeen arteko saretzea lortzeko. Kataluniarrekin, baita ere. Euskal Herriko eta Kataluinako ardatzek sinkronizatuta egingo dute lan eta uztailean Benasque (Huesca, Espainia) inguruan egingo dute topo. Mobilizazioari ahalik eta gehien zukutu nahi dute, uztailaren 3an ere eragiten jarraitzeko.
‘Galeuskat’ ardatza
Mario Zubiaga politologo eta soziologoak egungo egoeraren irakurketa egin zuen atzoko batzarrean. Mundua nahasia dagoela esan zuen, eta horrek estaturik gabeko nazioentzat aukerak zabaltzen dituela. Bai Europan eta baita ere estatuan: Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak aste honetan iragarri du 2023a amaitu baino lehen erreferenduma egiteko asmoa. Gainera, Espainiari Europar Batasuneko presidentetza dagokio 2023ko bigarren erdian; ordurako lurraldetasunaren auzia agenda politikoan sartu behar dela azpimarratu zuen Zubiagak, eta Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako eragileak bateratura lan egin behar dutela horretarako.
Jexux Olaziregi herri mugimenduko zuzendaritza kideko partaideak Pirinioetako bideak horretarako balioko duela esan zuen, sinergiak sortzeaz gain zeresana emango duelako. “2014. urtean Eskozian erreferenduma egin zutenean han ginen euskal turista-soberanista batzuk. Beste olatu bat baldin badator, ezin dugu turista-soberanista izan”, egin zuen gogoeta.