«Hitza protagonistei eman diet, ni sartu gabe. Uste dut asmatu dudala»
Mintegik (Ataun, 1949) bere hamalaugarren lana argitaratu du, '9 mm Parabellum'. Hizkuntza zaindua baina kalekoa duen eleberri arina da: «Zer da gazteen literatura eta zer helduena?».
Borroka armatuarekin ados ez zegoen abertzale baten itzuleraren istorioa idatzi duzu.
Oraingo egoera eta Martinek alde egin behar izan zueneko egoera kontatzen dira. Joan zenean, hamasei urte lehenago, egoera zaila zen denentzat. Askotan pertsonok huts egiten dugu eta gure harremanetan nahastu behar ez diren gauzak nahasten ditugu. Fokua hor jarri dut, pertsonen sentimenduetan.
Politika presente dagoen arren liburuaren aurkezpenean esan zenuen ez dela nobela politiko bat.
Ez dut kriminalizatu edo alde edo kontra egin nahi izan. Akatsak alde guztietan izan dira. Ni gehiago ingurune pertsonalean zentratu naiz. Martinek bizitzaren zati batean porrot egin zuen eta alde egin zuen; itzultzean, desengainatuta sentitzen da eta lasai bizi besterik ez du nahi.
Min ematen duen iragana oroitzea zauriak isteko ala bere horretan utzi, zer da hobe?
Behartuta itzultzen da eta topo egiten du iraganarekin. Berez sortzen den aukera bat da. Baina zauriak istea ez da erraza.
Uste duzu errealitatean memoria ariketa hori egitea falta dela?
Gauzak ezin dira ahaztu, berriro ere akatsak ez errepikatzeko. Baina hemen gertatzen dena da batzuk batzuei eskatzen dietela dena ahaztea baina beraiek ez dituztela euren akatsak onartu nahi. Terapia egin behar dugu, baina alde guztietatik.
Iraganetik ihes egin daiteke?
Historia hor geldituko da betirako. Niri gustatzen zait historia irakurtzea, eta ez soilik batzuek idatzitakoa. Hortik, irakurleak ondorioak atera behar ditu.
Memoria ariketa horretan literaturak zein paper du?
Literaturak puntu neutro batetik begiratu beharko lioke historiari, nahiz eta zaila den zure iritziak ez azaltzea. Saiatu naiz alde guztiei ematen hitza, guztien iritziak jasotzen.
Eroso sentitu zara idazten?
Deseroso ez, baina ez nion puntua hartzen. Hasieran nuen ideia ez da amaierako berdina: istorio hau jaio zen thriller bat izateko, nobela beltzaren tankerakoa. Bi aldiz hasi nintzen eta bi aldiz, utzi. Lehenengo pertsonan, hirugarrenean… Ez nintzen gustura gelditzen. 2013. urtean hasi nintzen, ETAk armak utziko zituela iragarri zuenean. Eta bukatu, ikusten duzu.
Bigarren pertsonan dago idatzita. Zure burua babesteko?
Hitza protagonistei eman diet, ni sartu gabe. Uste dut asmatu dudala. Ez nuen lehenengo pertsonan idatzi nahi, eta hirugarrengoa urrutiegi iruditzen zitzaidan. Bigarren pertsonan irakurlea protagonisten ondoan dago eta bidean bat egiten dute.
Irakurtzeko arina da. Gazteak izan zenituen buruan idazterakoan?
Zer da gazte literatura eta zer helduena? Hamalau edo hamabost urte dituen gazte batek, literatura gustuko badu, nobela hau erraz irakurriko du. Baita ere landuagoak. Ez dakit muga hori non dagoen.