Noiz erabili beharko da Covid ziurtagiria?
Aldizkari Ofizialak argitaratu duenez, "establezimenduetako jabeek nahiz agintaritzaren agenteek noiznahi eskatu ahal izango diete establezimenduetan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko, benetakoa dela egiaztatu ahal izateko. Establezimenduetako arduradunek bermatu behar dute datu-babesaren arloan indarrean dagoen araudia errespetatzen dela".
Atzo aurreratu bezala, eta EAEko Aldizkari Ofizialak argitaratu duenez, gaurtik aurrera zenbait tokitan derrigorrezkoa izango da Covid ziurtagiria erakustea. Ondorengo lerroetan dago Aldizkari Ofizialean jasotakoa.
1. Xedea eta aplikazio-eremua.
– Aisialdiko jarduerak eskaintzen dituzten establezimenduetan, hala nola, diskotekak, dantzalekuak, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuak, musika-tabernak, karaokeak, eta Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eta IV: taldeetan sartzen diren jarduera guztiak. Aipatutako dekretuaren III. taldean sartzen diren pub eta taberna bereziei dagokienez, neurria 22:00etatik aurrera eskatuko da.
– Jantokietako toki baimendua 50 lagunetik gorako edukieran daukaten jatetxeetan.
2. Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) nahitaez eskatzea, prebentzioko neurri osagarri gisa.
Aurreko puntuan adierazitako establezimenduetara sartzeko eta bertan egon ahal izateko beharrezkoa izango da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakustea establezimenduetako arduradunei, paperean nahiz euskarri digitalean, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua Euskal Autonomia Erkidegoa osoan 100.000 biztanleko 150ekoa edo gehiagokoa baldin bada.
Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat, adinagatik sartu daitezkeen establezimenduetarako.
4. Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.
Establezimenduetako jabeek nahiz agintaritzaren agenteek noiznahi eskatu ahal izango diete establezimenduetan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko, benetakoa dela egiaztatu ahal izateko.
Establezimenduetako arduradunek bermatu behar dute datu-babesaren arloan indarrean dagoen araudia errespetatzen dela. Atal honetan adierazten den informazioa, bereziki, egiaztatzeko unean bakarrik eskatu ahal izango da. Ezin izango da bertan daudenen osasunari dagozkien datuekin fitxategirik gorde edo sortu.
Ondo ikus daitezkeen kartelen bitartez jakinaraziko zaie bezeroei, establezimendurako sarreratik bertatik, lokalera sartzeko betebeharrak eta neurri aplikagarriak zein diren. Halaber, bezeroei gogoraraziko zaie maskararen erabilera nahitaezkoa dela eta jateko edo edateko unean bakarrik ken daitekeela.
Ez-betetzeak gertatuz gero, honako xedapen hauetan aurreikusitako moduan zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien martxoaren 29ko 2/2021 Legearen VII. kapitulua; Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35-39 artikuluak.
5. Neurrien jarraipena eta aplikazioa.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurri horien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.