Euskara indartzeko, oinarrizko hiztegia atera dute Lazkaon
Oinarrizko harremanetarako hitzak jaso dituzte, hainbat hizkuntzatan. Lazkaoko Udalak 500 ale atera ditu, eta erroldatzera edo izapideak egitera udaletxera joaten direnei banatuko dizkie.
Lazkaoko Udaleko Euskara Zerbitzuak oinarrizko hiztegi eleaniztun bat argitaratu du, euskararen ezagutza bultzatzeko. Euskara, gaztelania, galiziera, katalana, ingelesa, frantsesa, errumaniera eta arabiera sartu dituzte, eta oinarrizko harremanetarako hitzak jaso dituzte.
Euskaraz ez dakiten herritarrak euskararen oinarrizko ezagutzara hurbilarazi nahi dituzte. 500 ale atera dituzte, eta udaletxean emango dizkiete, lehen aldiz erroldatzera edo izapideren bat egitera joaten diren erdaldunei.
Euskara Biziberritzeko Plana diseinatu berri du udalak, eta han ezartzen den lan-lerroetako bat da “herriko ez-euskaldunei euskara ezagutarazi, ikasten lagundu eta gizarteratzea laguntzea”. Helburu horrekin atera dute oinarrizko hiztegi eleaniztuna.