Azenario ederrak giro goibeleko azokan
Postu dezente falta izan ziren atzo Ordizia, eguraldiak eta asteartea izateak ez baitzuten lagundu. Gabonetako koroatxoak eta izeiak salgai izan ziren.
Hotz handirik ez, baino bustia eta giro ezatsegina atzo azokan. Gainera azken aste hauetan jarri izan den plastikoa ez zuten jarri eta antzematen da. Asteartea izanda ez da hain harritzekoa ere. Ez da gaurkoa berezkoa ez duen egunetik kanpokoei «peri galdue» esatea. Ohi baino postu eta jende gutxiago.
Betiko bezeroak goizean lehen orduan, eta bukaeran ere mugimendu pixka bat izan zen, ohiko asteazkenetan baino genero gutxiago ekarria zuten ekoizleek eta salmentak araberakoak izan zirela zioten.
Postu bakarrean eros zitezkeen perretxikoak, Lasarenean: onddo, gorringo, mendiko angula, zizahori, saltsa perretxiko beltza eta esne gorria aukeran. Eperrak (12 euroan pieza) eta usoak (8 euroan pieza). Hau azken aste hauetan euro bat garestitu da izan ere gutxi botatzen ari dira aurten eta eske handia da.
Landare saltzaileek ere genero gutxiago ekarri zuten, sartzeko girorik ez baita.
Azenario ikusgarriak
Nonbait eguraldi busti honek ez die denei kalterik egin. Maria Jesus Oriak Itsasoko Eztala Goiko baratzeko azenarioak arreta deitzen zuten. Sortaka saldu ohi dira eta 1.700 gramo bazituen hiruko sorta batek.
Aldiz, ezin kontu bera esan porruari dagokionez. Ez aspaldi, hartxo bat azaldu zen, euli batek jarritako arrautzetik sortzen dena, barneraino sartu eta erabat itsusitzen du porrua, lehertu, harilkatu eta herdoil kolorea hartu.
Jateko ona izanda ere aurkezteko itxurarik gabekoa. Hilabete batzuetan gutxiago somatu bada ere, azken aldi honetan berriz ere indarra hartu duela irudi du.
Koroak eta izeiak
Pinu haziarekin egindako Gabonetako koroatxoak ekarri zituen atzo Edurne Jauregi Baliarraingoak, 20-22 euro artean bakoitza.
Lehen izeiak ere salgai izan ziren. Izei Normandiarra, 15-25 euro artekoak, neurriaren arabera. Izei gorria ere ekarri izan dute aurreko urtetan. Normandiarrak hosto gozoago du eta garestixeago izan arren, hobeto saltzen da.
Hala ere, «azken 20 urtetik hona edo, asko jaitsi da izei salmenta, orduan azoka arrunt batean 50 salduko ziren, orain 5», zioen Mikel Lasak. Horretan ere moda edo joera jakina nagusitzen da.