Euskararen erabilera behera Segurako haurren artean
Euskararen kale-erabileraren neurketa egin du Uemak Seguran. 2017an egindako neurketarekin alderatuta, euskararen erabilera handitu da, baina haurren artekoak behera egin du.
Lau urtez behin hizkuntzaren kale-erabileraren neurketa egiten du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 2017an egin zuten azkena Seguran, eta lau urteren ondoren, aurten ere egin dute. Aurreko asteazkenean aurkeztu zituzten neurketaren emaitzak Danon Gelan, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Emaitza orokorrak euskararen erabilerak gora egin duela islatzen du, baina haurren artean gehiago entzuten da gaztelera 2017koarekin alderatuta.
Maiatzeko aste batean osatu zuten neurketa herriko hiru boluntariok, Egoitz Apaolaza Segurako Udaleko euskara eta kultura zinegotziak azaldu duenez. «16 orduko ariketa izan zen. 1.009 elkarrizketa neurtu ziren eta horietan 3.300 lagunek parte hartu zuten». Horietan kaleko erabilera hartu zen kontuan, hau da, kalean izaten diren elkarrizketak, tabernak, dendak edo zerbitzuak kanpo utzita.
Bi puntu igo da euskararen kale-erabilera orokorra 2017az geroztik. Duela lau urte %89,3k euskara erabiltzen zuen, eta aurten, berriz, bildutako elkarrizketen %91,3 izan dira euskaraz. «10 elkarrizketetatik 9 euskaraz direla esango genuke».
Erreferentziak sortzea
Udalerri euskalduna da Segura, eta euskara du oinarri. Erabileraren neurketa positiboa den arren, «kezkatzeko tendentzia» bati erreparatu diote neurketan: haurren artean %6,3 jaitsi da 2017tik euskararen erabilera. Haurren arteko elkarrizketen %90,2 da euskaraz, eta duela lau urte %96,5 izan zen.
25 eta 39 urte bitarteko heldu gazteen artean ere behera egin du euskararen erabilerak kalean, %5 jaitsi baita. «Bereziki arreta mantendu beharrekoa haurren eta gazte helduen arteko erabilera da, batez ere haurren artekoa. Nahiz eta altua den, duela lau urte baino gaztelera gehiago entzuten da kalean».
Apaolazaren ustez, euskarazko erreferente kulturalen gabezia izan daiteke beherakadaren arrazoietako bat. «Teknologia bidezko marrazki bizidunak, erreferentzia kulturalak, kirola, telebista, musika… plataforma gehienetan gaztelera da nagusi, euskararen presentzia askoz ere txikiagoa da eta kontsumoa gazteleraz handiagoa da umeentzat». Espazio horietan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko erreferente ezberdinak sortzea izan liteke beherakada apaltzeko modu bat.
Hika, gizonen artean
Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkartea hitanoa lantzen dabil. Horri lotuta, bildutako elkarrizketetan hikaren kale-erabilera ere hartu dute kontuan. Euskaraz egiten diren elkarrizketa guztietatik, %10 hitanoz dira.
Batik bat helduen artean egiten da, eta zehazki gizon helduen artean erabiltzen da. Emakumeekin alderatuta, tartea nabarmena da. «Gizonen artean, 6 elkarrizketetatik bat toka da, eta emakumeen kasuan, aldiz, 100 elkarrizketetatik bat da noka».