Gaztelumenditarren lehen benta
Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek 'Bidea da borroka' bertso eta komiki liburua argitaratu dute. Añorgako aurkezpenetik aurrera, bideko lehen geltokia Gabirian egingo dute, ostiralean.
Bide guztiek behar dituzte tartean-tartean bentak, geratu, atseden hartu eta indarberritzeko. Unai eta Beñat Gaztelumendik, lehengo astean Añorgan aurkeztu zuten Bidea da borroka sorkuntza-lanaren lehen geralekua Goierrin izango dute. Udaberri aldera arte aurkezpenak eta emanaldiak egiten hastera doaz, eta ostiral honetan, etzi, Gabirian egingo dute aurreneko emankizuna, saloian, 18:30ean.
Bizitzaren bidean egindako bidaia baten kontakizuna egin dute Gaztelumendi anaiek, bertsotan eta ilustrazio bidez. Bidea da borroka izeneko komiki liburua atera dute, Bertsolari aldizkariaren eskariz eta bitartez, eta argitalpen hori oinarri hartuta landu dute emanaldia.
«Gabiriako emanaldia aurrenekoa izango da, Añorgako aurkezpenaren ondotik. Bezperan [bihar] Baionan egitekoak ginen, baina urtarrilera atzeratu da. Emanaldia ez da komikiaren aurkezpen hutsa. Batez ere, komikia egiterako orduan eduki genituen kezkak eta gogoetak bertso jarrietara ekarri ditugu», esan du Unai Gaztelumendik.
Marrazkiekin lagunduta
Saioaren muina bertsoa da, eta bi anaiek kantatuko dituzte. Horrez gain, Unaik marrazkitara bihurtuko ditu kantagai dituzten istorioak, eta zuzenean eta tokian bertan hiruzpalau ilustrazio onduko ditu.
Bidea da borroka, izan ere, bertsolaritzaren inguruko bidaiaren oroipen-istorio bat da. «Duela bi urte, Bertsolari aldizkariko Beñat Hach Embarekek eskatu zigun animatzeko bertsolaritzaren inguruan komiki bat egitera. Bi anaiok hasi ginen hizketan, ea zer daukagun kontatzeko pentsatzen. Bai bertsotan, bai harreman sarean eduki genuen eboluzioa kontatu nahi genuen. Bi bidaia behintzat kontatzen dira, eta pertsona batengan gorpuztu ditugu».
Bidaia bat «fisikoa» da, 35 urte inguruko bertsolari protagonistarena. Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu da, eta bere etxetik aterata BECera bitarteko bidea kontatuko du. «Baina bidean zehar gogoetak izango ditu: bertso eskolan nola ibiltzen zen, zeinek segi duen aurrera, zeinek ez; garai bateko konpromiso politikoak zer bilakaera izan duen, bere lagun onenek zer ibilbide egin duten…», azaldu du Unai Gaztelumendik.
Beste bidaia filosofikoagoa da: «BECera iritsi aurreko une asko, bizitzan pasatutakoak, flashback bezala etorriko zaizkio».
Ondoriorik ez, galderak bai
Fikzioa da Bidea da borroka, baina badauka, noski, Unai eta Beñat Gaztelumendiren biografiatik. «Oinarrian badago guk bizi izan dugunetik abiapuntu bat; gure oroitzapenak eta burutapenak badaude». Beñat gehiago ibili da azken urteotan bertsolaritzan; Unaik «distantzia batetik» segitu du, baina badabil.
Bizitza-bidaiaren eta atzera begirakoen gogoetatik «ondorio garbirik» ez dutela atera ziurtatu du ilustratzaileak. «Gehiago dira galderak. Eta kokatu ezin bat ere bai. Bertsotan plazaz plaza nenbilenean, gauzak seguru egiten genituen, kuestionatu gabe. Orain, aldiz, gehiago kuestionatzen dugu dena, eta gauzek galdera gehiago sortzen dizkigute».
Bidearen borrokan ateratako erantzunen galderak, etzi entzungai eta ikusgai Gabirian.