Gipuzkoako Bolari eguna ospatu dute Seguran
Seguran ospatu dute Gipuzkoako bolariek eta tokalariek 2021eko Bolari Eguna. Lehiaketak eta lagunarteko bazkaria egin dituzte, izurriteari gain hartzeko ahaleginean, ohitura gal ez dadin.
Urte karratua izan da bolarentzat ere. Ezohikoa. Covid koronabirusaren erruz, Gipuzkoa mailako bi lehiaketa ofizial bakarrik jokatu ahal izan dira aurten, eta udazkenean bakarrik: taldekakoa ligaxka eran –Ereñotzuk irabazi zuen, eta Segura bigarren– eta banakakoa –Joxemari Etxebeste eta Naiara Peñagarikano garaile–. Urtea ahalik eta normalen bukatu nahian, ordea, Bolari Eguna ospatzea lortu dute. Gaur izan da Seguran. Ohi baino jende gutxiagorekin eta animo baxuagorekin bada ere, egin dute.
Aspaldiko ospakizuna da Bolari Eguna. Zeferino Agirre segurar beteranoak «betidanik» ezagutu izan du: «Orain 60 urte baino gehiago ere egiten zen, beti abenduaren 8an. Eta Beterrin eta Goierrin txandaka», gogoratu zuen, atzo. Iazko hutsunearen ondotik, aurten Segurako bolariei egokitu zaie antolatzea. Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioa da egunaren bultzatzailea.
Denboraldia bukatzeko egiten den festa-ohitura da, izatez. Urteko azken bola eta toka lehiaketak gaur egin dira Seguran. Kurioski, 2022ko lehenengo txapelketa ere Goierrin izango da, Legazpin Errege Eguneko tiraldia antolatzekotan baitira, urtarrilaren 6an.
Omenaldirik ez aurten
Herriko edo inguruko bolari eta tokalari bana omentzea da eguneko beste usadio bat. Aurten ez dute omenaldirik egin, ordea. Nahikoa zen elkartzearekin.
Lehiaketak bai, egin dituzte. Goizean, Baratze pilotaleku atzeko bolatokian bola lehiaketa izan da. 29 bolarik parte hartu dute. Gizonezkoetan Patxi Arrondok irabazi du, ondoren Josu Lazkano, Roberto Ostolaza eta Xabier Lazkano sari-postuetan (denak 36na). Emakumeetan, Garbiñe Alustiza irabazle (32), eta Aitziber Makatzaga (26), Nerea Uriarte (15) eta Jasone Erkizia (14) ondoren. Txapeldun beteranoenaren txapela, eguneko bakarra, Arrondok jantzi du.
Tokan, frontoi barruan, Juan Mari Iñurritegik irabazi du lehiaketa (13), ondoren Leandro Miner (12), Felix Maiz (9+1) eta Txema Fernandez (9+0).
Imaz jatetxean bazkalduta borobildu dute urte karratua.
2022ko egutegia: Lehiaketa ofizialak
· Bikoteka: Urtarrilak 16-Otsailak 6: Olaberria, Urnieta, Idiazabal eta Hernani (finala).
· Lehendakari txapelketa: Otsailak 13-Martxoak 13. Gabiria, Añorga, Segura, Ategorrieta.
· Kopa: Martxoak 27-Maiatzak 8. Legazpi, Lasarte, Aia eta Altza.
· Gipuzkoako txapelketa: Maiatzak 14, Zerain
· Beteranoak, gazteak eta haurrak: Maiatzak 22, Belauntza.
· Euskadiko txapelketa: Ekainak 4, Ereñotzu.
· Taldekako txapelketa: Urria-azaroa.