Roberto Turrientes 'Turri'-ren oroimena Loinatzen dago betiko
Beasain eta Anaitasunaren arteko partidaren aurretik omenaldi xume bat egin diote taldeko jokalari eta kapitain izandakoari. Iazko apirilean hil zen Turri.
Roberto Turrientes Matxain Turri (Beasain, 1964-2020) Beasain futbol taldeko jokalari eta kapitain izandakoaren oroimenezko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Loinatz zelaian, Beasain-Anaitasunaren arteko partidaren aurretik.Bi hamaikakoek egindako pasilloa zeharkatu ondoren, klubeko mutiko batek lore-sorta bat igo du harmailetara, eta haren seme-alabei, Anne eta Beñati, eman die.
Klubaren kolore txuri-urdinekin estalita zegoen oroimenezko plaka bat agerian utzi dute Turri zenaren seme-alabek, eta segidan, Jon Iturriotzek egindako bertsoa abestu du Urko Arandia zuzendaritzako kideak. Beñat Turrientesek –Realeko jokalaria– 27 zenbakidun Realeko elastiko bat eman die trukean klubaren ordezkariei. Omenaldiaren eta norgehiagoka ofizialaren aurretik, lagunarteko partida bat jokatu dute Beasainen aritutako hainbat jokalarik.