Urretxuko Udalak eguzki parkea egin nahi du Zabaletatik gertu
Bidegiren lursail batean egingo da. Bizilagunek kooperatiba bat eratuko dute. Urretxuko etxebizitzen erdia edo gehiago energia berriztagarriz hornituko du
Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak sustatutako Ekiolak eta Urretxuko Udalak 80.000 metro koadroko eguzki parke bat egin nahi dute Zabaleta baserritik gertu. 1.500 etxebizitza ingururi emango die argindarra.
Plaka fotovoltaiko parkea Bidegiren lursail batean egin nahi dute. «Ekiolak ez du toki hoberik aurkitu Gipuzkoa osoan, lursailaren tamainagatik, kokapenagatik eta jasotzen duen eguzkiarengatik. Sei hektarea plaka jarri daitezke. Gipuzkoako beste tokietan hektarea edo hektarea eta erdiko parkeak egiten ari dira», esan du Jon Luqui Urretxuko alkateak.
1.500 etxebizitza
Herriko 1.500 etxe argindarrez hornitzeko ahalmena izango du. «Bizilagunek kooperatiba bat eratuko dute eta udalak sustapenean parte hartuko du. Lursaila aldundiarena da eta berarekin hitzarmena sinatuko dugu. Instalazioari dagokionez, oso erraza da. Izan ere, lursailera joateko bidea egina dago».
Egitasmo oso garrantzitsua dela dio. «Ekimen honen eskutik, herriaren erdiak edo gehiagok energia berriztagarria erabiliko du eta dirua aurreztuko du».
Energiarekin lotuta, duela egun gutxi Capital Energy enpresak Trekutzen bi aerosorgailu jartzeko baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. «Antzuolako udaletxean eta Urretxukoan egon dira. Oraindik ez dute proiekturik. Toki on bat aurkitu dutela uste dute eta baimena eskatu dute. Lehenengoz, enpresa batek Urretxun aerosorgailuak jartzeko asmoa azaldu du. 12 megavatioko bi dorre jarri nahi dituzte, bata Zazpi Puntetan, Irimotik gertu, eta bestea Antzuolako lurretan. Irimok ez du babesik eta lursaila jabe pribatu batena izango da. Aipatutako eguzki parkearen bitartez, bi aerosorgailu horien erdia lor daiteke. Honen guztiaren eskutik, aldaketa klimatikoaren inguruko eztabaida izango dugu», aurreratu du.