Goierriko artisten topaleku izan da Igartza Jauregia
Arte diziplina desberdinak lantzen dituzten Goierriko artisten lana erakusteko helburuarekin antolatu dute. Artezale guztientzat zabalik dago erakusketa urtarrilaren 2ra arte.
Eskualdeko sortzaileen elkargunea den Goierriko Artisten Topaketa egin dute, gaur, Beasaingo Igartza Jauregian, eta horrekin batera, zabalik geratu da Goierriko artisten lanekin osatutako erakusketa. Arte diziplina desberdinak lantzen dituzten 33 artisten lanak daude; margolanak, eskultura eta argazkilaritza, batik bat. Erakusketa, datorren urtarrilaren 2ra arte ikusi ahalko da.
Hogei urte igaro dira lehenengo topaketa egin zenetik, eta harrezkero, taldeko erakusketa egiteko biltzen dira Goierriko artistak, urtero, Eguberri inguruan. Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egin zen urte askoan, baina azkeneko urteetan, Igartza Jauregiak hartu du erakusketa kolektibo hau. Horietako batzuk Igartzan elkartu dira gaur, inaugurazio ekitaldian. Hainbat bisitari ere hurbildu dira. Lanak ikusteaz gain, artistekin hitz egiteko aukera ere izan dute artezaleek.













