Joxean Ormazabalen omenezko ipuin, bertso eta marrazki lehiaketako sariak banatu dituzte
Euskara eta euskal kultura indartzea da sariketaren helburu nagusia. Segurako Elorri eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteek antolatu dute.
Segurako Elorri eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteek, euskara eta euskal kultura suspertzeko eta indartzeko helburuarekin, Joxean Ormazabalen omenezko ipuin, bertso eta marrazki sariketa antolatu dute, beste behin ere, eta gaur egin dute azkeneko ekitaldiaren sari banaketa, Botikaxaharra aretoan. Sariketak emandakoarekin, “oso gustura” agertu da antolakuntza taldea. Parte hartzea “zabala” izan da, “414 lan” aurkeztu dira. Sariketa honetan, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako haur eta gaztetxoez gain, Iparra-Hegoa aste kulturalean partaide izan dituzten ikastetxeetako -Urruñako eta Donibane Lohitzuneko eskolak- gaztetxoek ere parte hartu dute, baita bertso eskoletako bertsolari txikiak ere. Modu horretan, “Euskal Herriko haurren esamolde eta euskalki desberdinez, elkar ezagutu, eta aberasteko egokiera izateko”.
Aurkeztu dituzten lan guztien artean irabazle izan direnen aukeraketa ondorengoek egin dute: marrazketa kategorian, Joxe Mari Telleria; bertsoen kategorian, Eneko Araiztegi eta Felix Lardizabal; eta ipuinen kategorian, Eider Lardizabal, Amaia Mujika, Uxue Maiotz eta Ainhitze Arretxe.
Parte hartu duten “eskoletako irakasleei, haurrak animatzeagatik eskerrak” eman eta gero, sariak banatzen hasi dira.
Marrazketan, 1. eta 2. mailakoen artean, Ataungo Ekhi Urrestarazu izan da irabazlea. 3. eta 4. mailakoen artean, aipamen berezia, Ane Arrondo ataundarrarentzat, eta irabazlea, Ane Telleria segurarrarentzat. Eta 5. eta 6. mailakoen artean, Haizea Artola ataundarrak irabazi du.
Bertsoen kategorian, 3. eta 4. mailakoen artean, Maite Basurto eta Bidatz Murgiondo segurarrak izan dira irabazleak. Eta 5. eta 6. mailakoen artean, aipamen berezia Urruñako Oihan Alvarezrentzat izan da. Irabazlea berriz, Maren Iturrioz segurarra.
Azkenik, ipuinen kategorian, 3. eta 4. mailakoen artean aipamen bereziak Donibane Loitzuneko Shan Bayolentzat eta Ataungo Unax Santanarentzat. Maila horretan irabazlea, Aimar Ojanguren segurarra izan da. Eta 5. eta 6. mailakoen artean, aipamen bereziak Aintzira Zabaleta eta Unax Urruzola segurarrentzat. Irabazlea, segurarra hau ere, Mattin Moiua.













