Eguraldia, onbidean
Hiru astez euria ia etenik gabe egin eta gero, eguraldi ona bueltan da. Denboraleak kalte ugari eragin ditu azken egunetan, baina pronostikoek eguzkia eta tenperaturen igotzea aurreikusten dute datozen egunetarako.
‘Ez ote du atertu behar?’ edo ‘nahikoa botako zuen honezkero, ala?’ bezalako esaldiak nonahi entzun dira azken asteetan. Ez da gutxiagorako. Hogeita bat euri-egun egin ditu jarraian, eta ostegunetik larunbatera bitartean, batez ere, eurite horien kalteak ere agerikoak izan dira, bai Goierrin eta baita Euskal Herriko hainbat tokitan ere.
Atzo hobera egin zuen eguraldiak, ordea, eta aspaldiko partez, zeruak urdin ikusteko aukera izan da. Iragarpenen arabera, ildo beretik jarraituko du datozen egunetan ere. Hasi berri den aste honetan behintzat, ez du euririk egingo. Hori bai, eguzkia aterako bada ere, tenperaturetan ez dator halako aldaketarik, hotzetik jarraituko baitu giroak. Hozberoak 1º eta 12º artean ibiliko dira datozen egunetan, eta zenbait lekutan, baliteke izotza egitea ere.
Azaroaren 21etik abenduaren 11ra arte, egunero izan dira prezipitazioak Goierrin. Hiru aste horiek kontuan hartuta, metro koadroko ia 500 litro jaso dituzte Zegamako neurgailuan. Abenduak orain arte utzitako datuei errepaso eginez, egunik euritsuenak abenduaren 9a eta 10a izan dira; 62,8 eta 50,8 litro jaso zituzten, hurrenez hurren.