Gabirian istripua izandako trena gaur arratsaldean kenduko dute
Auto-garabi handi batekin trenbidean jartzea da asmoa. Laugarren egunez, tren zerbitzua etenda dago Beasain eta Brinkola bitartean.
Gaur, astelehena, arratsaldean dira kentzekoa Renfeko eta Adifeko teknikariak Irun-Brinkola trenbidean Gabirian parean ostegunean istripua izan zuen trena. Lan konplexua burutu behar izan dute, tunel baten ahoan eta lur jausiaren bulkadagatik albo batera iraulita gelditu baitzen aldirietako trenaren aurreneko bagoia. Asteburuan, garabi-tren bat eraman zuten tokira, bogiea altxatu eta errailen gainean ipintzeko. Baina uste baino kaltetuagoa zegoen bagoia.
Azkenean, trenbide aldamenean kamioi-garabi handi bat sartzeko moduko pasabidea zabaldu behar izan dute, hondeamakinekin. Gaur arratsaldean harekin jasotzekoak dira, trenbidez tren-tailerrera atoan eramateko. Hondatutako bagoia gaur bertan erretiratzea da aurreikuspena.
Ostegunean 13:00ak aldera jo zuen trenak trenbidera erortzen ari zen luizi bat, Gabiriako Eizmendi tunelaren sarreran, Ormaiztegitik Zumarragarako norantzan. Trenean zihoazen 15 bidaiariak eta gidaria onik atera ziren, eta ez zen inor zauritu. Tren zerbitzua, ordea, etenda geratu zen berehala Beasain eta Brinkola artean.