Lazkaoko liburu azokako egitaraua gaur irekiko du Larrartek, 'Euskaldunon Egunkaria'-ri buruzko liburuaren aurkezpenarekin
Joan Mari Torrealdaik bukatuxea utzi zuen 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' liburua gaur 19:30ean aurkeztuko du, Gerriko liburu-dendan.
Lazkaoko 33. Euskal Liburu eta Disko Azokaren aurreko egitaraua gaur hasiko da. Elkar Fundazioko Joan Mari Larrartek ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztuko du, 19:30ean, Gerriko liburu-dendan. Berez, Joan Mari Torrealdai zenak idatzi zuen lana –2020ko uztailaren 31n hil zen–, eta bukatuxea utzi zuen, amaitzeko eta argitaratzeko azken jarraibideak emanda.
Testua eta egitura utzi zituen libururako, eta Larrartek bukatu du. Jakin fundazioak argitaratu du orain. Euskaldunon Egunkaria kazeta klausuratuaren barruko mamia azaltzeko beharra izan zuen Torrealdaik: “Egunkaria-ren sorrerako hainbat gauza argitu beharra sentitzen zuen, gero itxiera ekarri zuen tesiari erantzutekoa, besteak beste: Egunkariaren sorreraren atzean ez zegoela ETA, euskalgintza eta gizarte zibila baizik”, azaldu du Jakin-ek.
Ataunen, Lazkaon eta Seguran ostiralean (abenduak 17) hasiko dira liburu azokak, igandera arte. Lazkaon, ordea, gaur eta bihar bi aurkezpen antolatu dituzte.
Lazkaoko egitaraua hauxe da:
LAZKAO
- Aurkezpenak aurretik:
Gaur, abenduak 13, astelehena. Joanmari Larrarte, ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua (19:30, Gerriko dendan). - Bihar, abenduak 14, asteartea. Amaia Aierra, Ikaselkar eta Ikastolen Elkartearen ‘Kuku’ emozio programako bildumak (19:30, Gerriko dendan).
Azokan:
Ordutegia: Abenduak 17, 16:30-20:00; 18an, 10:00-14:00; 19an, 11:00-14:00.
-Abenduak 17 (19:00-20:00). Irati Garmendia (‘Xomorro lapurra’), Monika Arratibel eta Xabi Etxaniz (‘Laino txiki, egizu negar poliki’), Enara Garmendia (‘Etxetik Ameriketara’), Amaia Telleria (‘Pitzatuta gaude denok’) eta Huntza musika taldea (‘Ezin ezer espero’ diskoa).
-Abenduak 18 (13:00-14:00). Lierni Azkargorta (‘Eripoemia’), Elordi Garcia (‘Imparable hasta la medula’), Mikel Antza (‘Arroz urez’).
Zerbitzuak.
-Abenduak 18. 12:00etan, Maider Urretabizkaia margolariaren arte eskolako ikasleen ‘Kolore-kolore’ antzerkia. Ondoren, buruhandiak eta erraldoiak. 13:00etan, Lazkaoko Musika Bandaren kontzertua, azoka ixteko.