Bosgarren egunean kendu dute Gabirian istripua izandako trena
Luiziak botata eta tunel baten ahoan gelditu zen trena ateratzeko lanak atzo arratsaldean hasi zituzten, garabi handi batekin lagunduta.
Atzo arratsaldean lortu zuten Renfeko eta Adifeko teknikariek Irun-Brinkola trenbidean Gabiria parean ostegunean istripua izan zuen trena eramatea. Lan konplexua burutu behar izan dute, tunel baten ahoan eta lur jausiaren bulkadaz saihetsera iraulita gelditu baitzen aldirietako trenaren aurreneko bagoia.
Ostegunean 13:00ak aldera jo zuen trenak trenbidera erortzen ari zen luizi bat, Eizmendi tunelaren sarreran, Ormaiztegitik Zumarragarako norantzan. Trenean zihoazen 15 bidaiariak eta gidaria onik atera ziren, eta ez zen inor zauritu. Tren zerbitzua, ordea, etenda geratu zen berehala Beasain eta Brinkola artean.
Garabi handi batekin
Menditik behera irristan zetorren lokatz eta harri uholdeak lehen bagoia iraulita utzi zuen. Asteburuan, garabi-tren bat eraman zuten toki hartara, bogiea altxatu eta karrilen gainean ipintzeko. Baina uste baino kaltetuagoa zegoen bagoia.
Hala, atzo arratsaldean, auto-garabi handi bat igo zen trenbide ertzera, bidez. Tunel ahora ahalik gehien gerturatzeko aldamenean pasabidea zabaldu behar izan zuten lehenik, hondeamakinekin. Asmoa bagoia karrilean jartzea zen, tren-tailerrera atoian eramateko. Lan hori atzo bukatzea zen aurreikuspena.