50 ekoizlek baino gehiagok parte hartuko dute Euskal Herriko 23. txistor lehiaketan
Ekoizle gipuzkoarrak dira gehienak, nafar batzuk-batzuk ere izango dira, Arabako bat, eta lau bizkaitar ere bai. Sari banaketa baino lehen, Juan Manuel Garmendiari omenaldia egingo diote
Euskal Herriko 23. txistor lehiaketa egingo dute gaur Ordizian, udalak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin lankidetzan antolatuta. Partaidetza zabala izango da, 50eko langa gaindituko delarik. Ekoizle gipuzkoarrak dira gehienak, nafar batzuk-batzuk ere izango dira, Arabako bat, eta lau bizkaitar ere bai.
Epaimahaia 10:00etan hasiko da lanean. Lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan. Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo da garailea.
Omenaldia
Sari banaketaren aurretik, 2020ko maiatzean zendu zen eta hainbat urtetan epaimahaikide izan zen Beasaingo Kattalin Erretegiko eta Jakitea elkarteko kide zen Juan Manuel Garmendiaren alargunari, Arantxa Agirrezabalari, oroigarri bat emango zaio Ordiziako Udalaren izenean esker onez.













