Bareakek gabonetako erosketak Beasainen egiteko eskatu du
Merkatariek herrian "gabon zoriontsuak pasatzeko behar den guztia" eros daitekeela azpimarratu nahi dute. "Denetariko dendak herrian bertan izanda herritarren aukera Beasain izatea espero dugu"
Bareakek ‘zure aukera Beasain’ kanpaina abiatu du, herritarrek gabonetako erosketak bertan egin ditzaten. Merkatariek herrian “gabon zoriontsuak pasatzeko behar den guztia” eros daitekeela azpimarratu nahi dute. “Denetariko dendak herrian bertan izanda herritarren aukera Beasain izatea espero dugu”, esan zuen Ane Aristi Bareakeko bazkideetako batek.
Salerosketak sustatzeko Beasain girotuko dute. Abenduaren 27an eta 28an txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan zehar, iaz osasun larrialdiagatik geldi egon ostean, esaterako; erakuslehioak bola gorri erraldoi batekin apaindu dituzte, jada piztuta dauden gabonetako argiekin batera; hamabi denda, gainera, elkarren aurka lehiatuko dira ea nork apaindu duen erakuslehioa ederrago. Garailea beasaindarrek hautatuko dute. Abenduaren 20ra arte botoa emateko aukera izango da. Horretarako hiru aukera daude: lehiaketan parte hartzen duen edozein establezimendutan, Igunean eta Bareakeko Facebookera mezu pribatu bat idatzita. Bozkatzen dutenen artean 200 euroko bonu bat eta 100 euroko bi bonu zozkatuko dira. Abenduaren 30ean egingo da sari banaketa eta garaileak urte osoko erakuslehio apainketa zerbitzua irabaziko du. Ekitaldian aurten erretiroa hartu duten merkatariak omenduko dituzte: Teresita Irizar (Aranburu oinetakoak), Joxe Mari Ayestaran eta Mari Jose Acedo (Itsas-lur arraindegia) eta Cesar Garcia (Mugar elektrizitatea).
Bezeroen fideltasuna eskertzeko zozketa gehiago egingo dituzte. Abenduaren 28ra arte Beasain txartelarekin ordaintzen duten artean gabonetako saskiak zozketatuko dituzte. Berdin, Bareak elkartearen barruan dauden ostalaritza guneetan. Hauetan kontsumitzaile guztiak sartuko dira loteria-ontzian, Beasain txartelarekin ordaindu edo ez.
Ekintzek Beasaingo Udalaren babesa dute. Leire Artola alkateak dendariek jarduna babestea udal gobernuaren ildo estrategikoetako bat dela esan zuen, “gure paisaiarentzat berebizikoa delako merkataritza eta ostalaritza indartsu bat edukitzea”. Beasain bizirik mantentzeko hirugarren sektore indartsua behar dela azpimarratu zuen. Halaber, gogorarazi zuen Udalaren eta Bareaken elkarlanaren ondotik herrian zer nolako eskaintza dagoen erakusteko kanpaina osagarri bat ere martxan dagoelako, ‘Merkataritza bizitza da. Bizi gaitezen’.
“Urte gogorra”
Abendua balorazioak egiteko garaia izaten da eta Bareakek ere egin du berea: “Urte gogorra izan da aurtengoa ere”, aitortu zuen Aristik. “Baina eskerrak eman nahi dizkiogu Beasaingo denden, zerbitzuen eta ostalaritzaren aldeko apustua egin duzuen guztioi. Eskerrik asko Beasain zuen aukera egiteagatik”.