Beasaingo Udalak Herritar Saila berrantolatuko du 2022an
Hainbat jubilazio tarteko, lanpostu berriak sortuko dira kultura, gazteria eta euskara arloan. Udaltzain bat gehiago kontratatzeko asmoa ere agertu du udalak.
Beasaingo Udaleko Herritarrak arloa berrantolatuko dute, «egungo beharrei erantzuteko aukera emango digun saila antolatzeko», azaldu zuen Leire Artola alkateak datorren urterako lantaldea zehazterakoan. 2022an izango diren erretiroek horretarako aukera zabaltzen dutela azpimarratu zuen alkateak. «Hurrengo hilabeteetako eginkizuna sailaren beharrak aztertzea eta behar horiei erantzunez plaza berriak sortzea izango da».
Kultura eta euskara koordinatzailea jubilatuko da, besteak beste. Plaza hutsik geldituko da. Gaztedia teknikariaren plazak ere ez du jaberik. Kirol azpisaileko mantenimendu laguntzaileak eta Euskaltegiko irakasle batek ere erretiroa hartuko dute.
Lurraldean ere bai
Lurraldea sailean ere aldaketak izango dira. Udaltzain bat gehiago kontratatzeko asmoa du udalak. Izan ere, zerbitzua 365 egunetara zabaltzeak 1.300 bat lanordu gehiago esan nahi du. EH Bilduk aukera «beste polizia eredu bat» lortzeko baliatzeko eskatu zuen, «herrikoiagoa».
Hirigintza eta zerbitzuak azpisailean aparejadoreak erretiroa hartuko du. EH Bilduk beste aparejadore bat kontratatu beharrean arkitekto bat hitzartzeko eskatu zuen. Adur Ugartemendia saileko arduradunak erantzun zien aparejadorearen soslaia egokiagoa dela, obretatik gertuago egoten delako.
Mantenimendu eta obrak azpisaileko taldeko burua ere jubilatu egingo da eta taldeko langile bat modu interinoan dago. Artolak esan zuen aukera baliatu behar dela «etorkizunean nahi dugun brigadaren azterketa sakona» egiteko.