Gabonetan «arduraz eta zentzuz» jokatzeko deia egin dute
Beasaingo Udalak herriko hainbat elkarterekin batera Gabonetarako egitaraua prestatu du. Egutegiak hartu daitezke jada. Erosketak herrian egiteko eskatu dute
Beasain Gabon giroan murgilduta dago. Urtarrilaren 5era bitarte herriko eragile ezberdinek antolatutako hainbat ekitaldi izango dira, haurrei bideratutakoak nagusiki. Aste honetan, esaterako, Loinatz Musika Eskolako eta Aurtzaka Dantza Taldeko ikasleek eta KUP abesbatzak emanaldiak eskainiko dituzte. Osasun eta babes neurriak beteko dira baina, dena den, «arduraz eta zentzuz» jokatzeko eskatu dute.
2022ko udal egutegiak ere har daitezke, Igartzako Monumentu Multzoan, Usurben Antzokian, Udal liburutegian eta abenduaren 21eko azokan. Ez da ezer ordaindu behar. Egutegia osatzen duten hamahiru argazkien egileak hauek dira: Manu Barreiro Rodriguez (azala, urtarrila eta urria); Lourdes Losada Prado (otsaila, apirila, uztaila eta abendua); Miguel Cavero Carazo (maiatza, ekaina, abuztua eta azaroa); Laura Compains Blanco (martxoa) eta Aner Unanue Usabiaga (iraila).
Salerosketei, hauspoa
Bareakek Gabonetako erosketak herrian bertan egiteko kanpaina abiatu du: Zure aukera Beasain. Merkatariek Beasainen denetarik eros daitekeela azpimarratu dute.
Fideltasuna saritzeko abenduaren 28ra arte Beasain txartelarekin ordaintzen diren erosketa guztien artean Gabonetako saskiak zozketatuko dira. Ostalarien bezeroen artean otar gehiago zozkatuko dituzte.
Herria girotzeko beste hainbat ekintza egingo dituzte. Erakusleiho lehiaketa martxan da, esaterako, eta poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte. Gabonetako argiak ere piztuta daude jada, kontsumoa errazteko.
Gabonetako agenda
- Ostirala. Musika Eskolako ikasleen kontzertua. Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan.
- Larunbata. Aurtzaka dantza taldeko haurrak. Usurbe antzokian, 16:30ean; KUP abesbatza. Andre Mari zeruratuaren parrokian, 19:30ean.
- Igandea. Loinatz abesbatza. San Martingo parrokian, 19:30ean.
- Abenduak 24. Olentzero eta Mari Domingi. Igartzan, 11:00etan eta San Martin plazan, 16:00etan.
- Abenduak 26. Vocalia abesbatza. Andre Mari zeruratuaren parrokian, 19:30ean.
- Abenduak 27 eta 28. Txu-txu trena.
- Abenduak 29. Puzgarriak eta jolasak. Gernika pasealekuko frontoian, 11:00etan.
- Abenduak 30. Film laburren lehiaketa, Usurbe antzokian.
- Abenduak 31. San Silvestre lasterketak.
- Urtarrilak 3. Puzgarriak eta jolasak. Gernika pasealeauko frontoian, 11:00etan.
- Urtarrilak 4. Sun magoa. Usurbe antzokian.
- Urtarrilak 5. Erregeen zamalkada. Igartzatik udaletxera.