«Leuzemia gordina eta krudela da, baina gainditu daiteke»
Leuzemiak bizitza aldatu dio Elordi Garcia Intsaustiri (Lazkao, 1977). Lasaiago, gozatzaileago eta eskertsu dago. Liburuan jaso du esperientzia, eta Lazkaoko azokan aurkeztuko du, larunbatean.

Minbiziari buruz oraindik ahapeka hitz egiten dela diozu.
Iruditzen zait oraindik jende askok ezkutuan daraman gaixotasuna dela, ez da ausartzen ‘minbizia daukat’ esaten. Erruduntasun puntu batengatik, agian. Baina, azkenean, loteria bat da, edozeini toka dakioke, eta ez daukagu zertan ezkutuan eramanik. Gainera, ateratzea, aldarrikatzea eta ikerkuntzarako apustua egitea ondo dago, hori delako irtenbide bakarra.
Zuk ahots gora azaldu duzu leuzemiarekin izan duzun prozesua. ‘Imparable hasta la medula’ liburuan kontatu duzu.
Gaixotasunaren onarpen prozesuan, garrantzitsua da lehenengo hori daukazula onartzea asko kostatzen da, eta hortik hasita, nik mezua zabaldu nahi izan dut. Ez dago informazio gehiegi zer den leuzemia, hezur muin emaile izatea, edo transplante batek zer suposatzen duen. Kazetaria izanda, hori komunikatzea inportantea iruditu zait, jendeari errealitate hori gerturatzeko.
Bizi nahia handitu dizu?
Ez gara kosziente bizitzak daukan benetako balioaz, kolpe handi bat jaso arte. Minbiziak, kasu honetan leuzemiak, heriotza hainbeste gerturatzen dizu eta hain hurbil ikusten duzu, ezen hemen jarraitu nahi dudala argi ikusi dut. Indar eta gogo guztiak horretarako ateratzen dira: bizitzeko grina. Horrek laguntzen du prozesu hau guztia ahalik eta ondoena eramaten. Azkenean, osasuna goizetik gauera galtzea dolu bat da, eta bere prozesua dauka.
Laguntza-metodo gisa planteatu duzu liburua?
Nire bizipena kontatzen dut, eta niri iruditu zaizkidan ikaskuntzei heldu diet. Auto-laguntzarako liburu bezala katalogatu dute, baina nik nire testigantza kontatu dut. Prozesua esplikatu dut, era errazean, jendeak garbi edukitzeko zein prozesu pasatzen diren. Oso prozesu luzea izan baita, urte askokoa.
Liburua solidarioa da. Bai idazlan gisa, laguntzeko argi-printzak eskaintzen dituzulako, bai ekonomikoki. Salmentako dirua Josep Carreras Fundazioarentzat izango da.
Eskertzeko daukadan beharragatik dator liburu hau. Oso eskertuta sentitzen naiz. Bizirik daramatzadan urte hauek oparia dira, eta zor moduko bat sentitzen dut nirekin egon den jendearekiko. Ama Madrilera joan zen bizitzera, ahizpak lan-baimena hartu zuen… Familiari ez dakit nola eskertu. Lagunak ere oso gertu eduki eta sentitu ditut. Medikuak, erizainak… eskerrak emateko beharra jende askorekin sentitzen dut.
Fundazioarekin zer lotura duzu?
Josep Carreras Fundazioak 30 urte baino gehiago darama odoleko minbiziak ikertzen. 1991n sortu zuten hezur muin emaileen erregistroa, Estatu mailan ez zegoen ordura arte. Familian emaile bateragarririk ez zeukatenek ezin zuten transplanterik egin. Mundu mailako erregistroa da, eta emaile guztiak datu base horretan daude. Nire emailea, adibidez, alemaniarra da. Beraz, helburu solidarioa eskerrak emateko nire modua da.
Emozioez asko diharduzu. Lotsa, tartean.
Hein handi batean, oraindik ahapeka hitz egiten da lotsa ematen duen gaixotasun bat delako. Eta uste dut lotsa erruduntasunarekin lotzen dela, baita ere. Adibidez, ni telebista munduan aritu naiz denbora askoan lanean, eta aldaketa fisikoak jasatea niretzat oso gogorra izan da. Jendearen aurrean ateratzeak agian lotsatu zaitzake. Ez da ilea galtzea bakarrik; hori ileorde edo zapi batekin estal daiteke, baina nik betileak eta bekainak ere galdu nituen, aurpegian espresiorik gabe gelditzen zara… Transplanteari lotutako egoera asko kontatzen ditut, agian lotsagarriak izan daitezkeenak.
Kontatzea erabaki duzu ordea.
Ahizpak ere esan zidan: ‘Elordi, dena ez dago kontatu beharrik!’. Bada, zergatik ez? Askotan ezkutuan eramaten ditugu gauzak, eta normalizatu beharra daude. Gertatzen baldin badira, eta badakit leuzemia izan duten beste pertsona askok ere sufritu dutela, kontatzen ditut. Orduan, elkarri kontatzeak lagundu egiten digu. Momentu hartan lotsagarriak izan badira ere, kontatu behar dira.
Leuzemiaren nortasuna eta gordintasuna aipatu dituzu. Nolakoa da?
Gordina eta krudela da. Baina atera daiteke. Nire mezua zera da: hau da errealitatea, baina hori gainditu daiteke, eta hein handi batean bakoitzaren esku dago. Medikuek ere esan zidaten: tratamenduak asko egiten du, baina zure jarrera ere garrantzitsua da. Triste eta haserre egoteak sistema immunea ahultzen du, eta orduan minbizia askoz indartsuago bihurtzen da. Horregatik bakarrik, saiatu behar da. Jakina, tristura badago, eta sentitu behar da. Baina ez gorde, atera eta aske utzi. Horrek jada bakea ematen du, eta barne bake horretatik bidea beste modu batera ikus daiteke. Garrantzitsua da emozioak ez gordetzea, eta tristurari ez heltzea.
Hitzaurrea Josep Carreras tenoreak idatzi du.
Bai, ahal dudana egiten dut Fundazioaren alde. Jendeak ez daki zer den ez hezur muina, ez emaile izateko zer egin behar den. Organo transplanteetan mundu mailan lehenengoak gara, baina hezur muina nola ehuna den ez da organoa, ezkutuan gelditzen da. Eta egon litekeen donaziorik errazenetakoa da. Niretzat inportantea da hori komunikatzea eta ikusgarritasuna ematea.
Liburuaren lehen aurkezpena Lazkaon egin nahi izan duzu. Abenduaren 18an da, larunbat eguerdian, azokan.
Hala nahi nuen. Niretzat garrantzitsua zen lehenengo aurkezpena Lazkaon izatea. Lazkao ere aipatzen dut liburuan. Urte asko daramatzat kanpoan, baina hemen dauzkat sustraiak. Euskalduntasuna aldarrikatzeko modu bat ere bada. Gainera, hain erantzun gozoa jaso dut… ondo erabakitakoa da. Ilusioa egiten zidan nire familiak ikusi ahal izatea. Haiek Madrilen asko egon behar izan dute, eta niretzat esanguratsua zen hemen egitea.
Bizitza asko aldatu al dizu?
Bai. Bai bizitza bera eta bai pertsona bezala. Biak batera doaz. Beti eduki dut bizitzeko gogoa, eta orain ere berdin, baina koszienteago eta beste patxada batekin, lasaiago. Lehenago dena bizkor zen, bizitza jan behar horrek ematen dizun presarekin… Hori aldatu da. Ez da bizitza bizkor jatea, baizik dastatzea. Emozioei bere lekua ematen eta espresatzen ere ikasi dut.
‘Goierritarra’-tik Urtezaharreko kanpaikadetara
Leuzemiaren infernua gaindituta, hura kontatzeko adina adore izan du Elordi Garciak. Kazetaria da ikasketaz (EHUn) eta bokazioz. «Momentu txikiekin gozatzen ikasi dut, eguneroko uneetan dago zoriontasuna», dio. Bizitza-lezioa, errealitateari begiratzen zaildua dagoen batek esana.
‘Goierritarra’ aldizkarian hasi zen, karreran zebilela, Lazkaoko kronikak idazten. Prentsa idatzitik aparte jarraitu zuen gero: irratian lehenik, eta telebistan gero. Gaztela-Mantxako telebista autonomikoan albistegiak aurkeztu zituen, eta goizetako zuzeneko magazinea gidatu zuen. 2012ko Urtezaharreko kanpaikadak berak aurkeztu zituen. Zeukan ospearen eta onespenaren neurria.
Leuzemia 2013ko abenduan atzeman zioten. Errealitatea kontatzen segitzen du gero ere.