Aurrez aurre izan gabe, baina elkartasuna bidali nahi dute Ruandara
Egitaraua murriztuta eta aurrez aurrekoak ekidinda bada ere, lazkaotarrek aurten ere elkartasuna eta diru laguntza bidaliko dute Ruandako Gihara herrixkara. Rwanda taldeak eta San Benito ikastolak ekitaldi batzuk antolatu dituzte, aste honetarako.
Absentzien artean, Elkartasun Jaialdirik ez da egingo aurten ere Arerian. Horren ordez, ikastolako haur taldeek bideoetan jaso dituzte antzezpenak eta sorkuntza lanak, eta horiek zabalduko dituzte. Liburu Azokan egon ohi den bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia ere ez dute egingo, pandemiaren arauengatik.
Dirua biltzeko, ordez, ikastolan Haur bat, euro bat ekimena hasi zuten atzo. Abenduaren 22ra arte, ikasle bakoitzeko euro bat jasotzea da helburua, gelan. Ruandara bideratuko dute gero.
Film emanaldia gaur
Rwanda Taldeak film emanaldia antolatu du, gaurko. Eric Barbierrek zuzendutako Pequeño pais emango dute, gaur 21:00etan, Arerian. Helburu solidarioa izango du ekitaldi horrek ere, Giharako proiektuetarako.













