Goierriko Ikasle Abertzaleek «hezkuntzaren dekadentzia» salatuko dute
Gehiegizko lan kargak jakinduria barneratzeko zailtasunak dakartzala diote, eta klase partikularretara jo beste erremediorik ez dutela askok. Guztiek ezin dituzte hauek ordaindu
Goierriko Ikasle Abertzaleakek elkarretaratzea egingo du bihar, Txindoki institutuko patioan, 11:40an, “hezkuntzaren dekadentzia” salatzeko. “Hezkuntza kalitatearen beherakada nabaria da. Gehiegizko lan kargaren ezarpena edo kontrol soziala areagotu izana horren adierazle dira”, diote. “Hori gutxi ez eta klase partikularren fenomenoa inoiz baino indartsuagoa da. Eskolak bere baitan edukia emateko duen zailtasuna erakusten du”, gaineratu dute. Datuak ere eman dituzte: Goierriko Ikasle Abertzaleaken galdetegia erantzun duten ikasleen erdiak baino gehiagok klase partikularrak jasotzen ditu; kopurua %70eraino hazten da noizbait jasotakoekin.
Ikasleek, bataz beste, astean bi ordu igarotzen dituzte klase partikularretan. Orduak hamar euro balio duenez gutxi gorabehera, hilean 80 euro behar dituzte. “Sektore proletarizatuenek onar ezin dezaketen gastua”, dela defendatu dute, eta horiek ikastetik baztertuta gelditzen direla. “Klase partikularren fenomenoa jo puntuan jarri dugu azken aste hauetan, eta horretan ibiliko gara datozen aste eta hilabeteetan ere”, iragarri dute.
Hezkuntza lege berria
LOMLOE legearen aurkako borroka ez dute alboratuko, baina. Kexu dira egungo hezkuntza sistemak jakintza garatzeko sistemak baztertzen dituela alor teknologikoaren mesedetan, “merkatuaren beharrak asetzeko”. Hezkuntza sistema berria eskatu dute, ikasketak doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izango direla bermatuko duena.