Kiroldegia handitzeko proiektua gaur batzarrean landuko du udalak Lazkaon
Barruko igerileku berria eraikitzea eta aldagela berriak egitea da egitasmoa. Datorren urtean hasi nahi ditu lanak udalak, 5,5 milioi euroan. 2022ko aurrekontua ere gaurko osoko bilkuran
Barandiaran kiroldegia berritzeko eta handitzeko birmoldaketa osoaren 5. eta azken fasea hastea erabaki du Lazkaoko Udalak. Igerileku estalia dagoen eremuari eta alboko tenis pistari eragingo die eraberrikuntzak. Barruko igerileku berria egingo dute, haurrentzako beste txikiago bat sortu, eta zerbitzu horietarako aldagela berriak egokitzeaz gain. Instalazio eta makinaria guztia berrituko dute, hein berean.
Egitasmoak 5.472.035 euroko aurrekontu aurreikuspena dauka, eta gaurko osoko bilkuran eman nahi dio Udalbatzak argi berdea proiektuari. Ondoren, 2022ko lehenengo hiruhilekoan lizitazio prozedura burutuko du, eta ekainerako lanak martxan jarrita nahi ditu udalak.
25 metro luzeko igerilekua
Tenis pista dagoen aldera handituko dute kiroldegia. Igerileku berria han kokatuko dute, 25 metro luze, 12,5 metro zabal eta sei kale izango dituena. Klimatizatua izango da, eta harmailak edukiko ditu.
Oraingo igerilekua neurriz txikituko dute, batez ere ikastaroak bertan eman ahal izateko. Sauna ere gune berean kokatuko dute, eta aldagela berriek lehenengo solairu guztia hartuko dute.
Gaurko udalbatzarrean (18:30ean hasiko da, udaletxeko batzar aretoan), kiroldegiko 5.1 deitu fasearen proiektua, kontratazioa eta lizitazio deialdia onartzea da puntu bat. 2022ko aurrekontua ere landuko dute, beste gai hauekin batera: hiri lurren gainbalio zergaren araua aldatzea, Sasietako estatutu aldaketa, eta etxeko laguntza kontratuaren fidantza itzulketa.