Klima aldaketari aurre egiteko plana
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak larrialdi klimatikoari erantzuna emateko egokitzapen-plana egin du, «dibertsitate biologikoaren galera iraultzeko» helburuarekin
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak larrialdi klimatikoari aurre egiteko egokitzapen-plana aurkeztu du. Herenegun izan zen aurkezpena, Seguran. Bi urtez egin du lan Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak habitat hobekuntzak lortze aldera. 2020 eta 2021 urteetan hainbat ekimen eta esku-hartze egin dituzte ekosistemen funtzionaltasuna hobetzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren natura-ondare eta bioaniztasunaren arlorako diru-laguntza baliatu dute.
Planaren helburua «dibertsitate biologikoaren galera irauli eta bertako ekosistemen funtzionaltasun ekologiko egokia» bermatzea izan dela azaldu du Partzuergoak. Lanen bidez, «euskarri eta erregulazio kategorietan biltzen diren ekosistema zerbitzuak indartzea» eta «EAEko mehatxatutako espezieen zerrendan dauden espezieen kontserbazio egoera iraultzeko urratsak» ematea lortu dute.
Basoen egitura hobetu
Aizkorrin kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan haritz kandugabeak osaturiko harizti mixtoen %63, eta horregatik zuhaitz espezie horren azalera parekatzeko ekimenak egin dituzte, «pagoarekin duen lehia murriztuz». Pagadi eta harizti mixtoen basoetako egitura hobetu dute, egur hilaren bolumenak eta karbono hustulekuak handituta, negutegi efektua sortzen duten gasak biltegiratzeko gaitasuna handitzeko.
Saguzarrentzako babes-kutxak ere jarri dituzte Partzuergoko zuhaitz zaharrak hazi bitartean, «Saguzarrek zuhaitz zaharren dependentzia handia dute kumatze eta hibernazio koloniak sortzeko, zuhaitz zaharren enborretan arrakala eta barrunbe ugari sortzen dira saguzarrentzat garrantzitsuak izanik babesa hartzeko». Hezeguneei dagokienez, bi ekintza burutu dituzte. Batetik, landare haragijaleen habitaten bideragarritasuna bermatzeko, uraren dinamikan zuzenketak egin dituzte. Partzuergoko zohikaztegietan aurki daitezke landare mota horiek. Bestetik, galtzeko arriskuan dagoen muturluze pirinearraren bizilekua hobetzeko altzak, lizarrak eta urritzak landatu dituzte Aranarri errekaren ibaiertzean.
Dibulgazio lana ere egin du Partzuergoak egokitzapen-planerako. Otzaurte eta Beunden biodibertsitateari buruzko bi panel informatibo jarri dituzte ondare naturalaren interpretazioa errazagoa izan dadin, eta saguzarren inguruko erakusketa birtuala ere sortu dute. Segurako Udalaren webgunean egongo da ikusgai datozen egunetan.
Udalsarea 2030
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren lana Udalsarea 2030 foroaren barruko egokitzapen-plana izan da. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, «ekosistema lehengoratzeak eta paisaiaren fragmentazioa murrizteak» duen garrantzia azpimarratu ditu Partzuergoak. «Helburu hauei eutsiz, geroz eta gehiago dira ingurumena hobetzeko ekimenak sustatzen dituzten udalerriak».