Mamitzeko prest ardi esnea salgai
Bustiaren ondotik hotz egin arren egun eguzkitsuak ongi hartuak izan dira. Abenduaren 29an egitekoa zen Eguberrietako azoka berezirik ez da egingo.
Hotza nagusi, bi eta hiru gradu goizeko parte handienean. Gainera, saltzaileen harridurarako plaza inguruan plastiko euskarria jarria bai, baina plastikorik ez.
Barazki berriak ekartzeko garairik emankorrena ez bada ere, bazen atzo ere zer aipatua. Bruselaza moreak ekarri zituen Itsasoko Maria Jesus Oriak: «Landarea Montesenekoei erosi nien. Bereziak dira, nik ere lehen aldiz izan ditut kolore honetakoak. Saltzeko adina ez dut, baina nola etortzen diren erakusteko ekarri ditut, askok galdetzen baitute». Goxoak eta politak, kale aza hosto moreen ondoan zituen.
Haren parean beheraxeago, Axun Etxeberriaren postuan, mahai gaineko esne botilak deigarri: Ardi esnea, denboraldiko lehena. Litroa (2,40 euroan) eta litro eta erdia (3,60 euroan) salgai.
Ondoan gatzagi naturala ere bai. Euro eta erdian bolatxoa. Makina bat esne mamitu daiteke horrekin. Erabilerari buruz jakin beharreko guztiak Axunek ederki azaltzen ditu.
Postu bat gehiago
Orain arte bakailaoa eta Valentziako laranjak ziren plazako honetan. Atzo Etxabe anaiek, Andresek eta Ramonek, plazakoaz gain han ere jarri zuten postua txarkuteria, gazta, bakailao eta abarrekin.
Gabonetako azokarik ez
Atzoko Ordiziako azokan, XXIII. Txistor lehiaketa egin zuten udaletxe azpiko aterpean, zaleentzat usain gozagarria zabalduz.
Aldiz, abenduaren 29an egitekoa zen Gabonetako azoka berezia bertan behera gelditu dela jakinarazi dute antolatzaileek.