Onura Publikoa plataformaren eskaera atzera bota dute
Uraren tasa %24 jaistea eskatu du herritar mugimenduak. Kontuhartzaileak zerbitzuaren jarraipenak jatorrizko kontratua errespetatu behar duela esan du
Arkaitz Antizarrek, CCOO Euskadi sindikatuaren izenean (sindikatu hau Onura Publikoa herri plataformako kidea da), ordenantza fiskalen aurkako alegazioa aurkeztu du. Bertan, uraren eta estolderiaren tasak %24 murriztea eskatu du. Ehuneko hori Aquarbe enpresak beraien ustez izango lituzkeen gehiegizko sarrerei dagokie, abenduaren 31n amaitzen den kontratuan ezarritako hasierako kanona amortizatzeagatik. Kontuhartzaileak, ordea, zerbitzu publikoaren jarraipena jatorrizko kontratuan aurreikusitako baldintza berberetan eman behar dela esan du. PSE-EE eta EAJk kontuhartzailearen txostenaren alde bozkatu dute eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak aurka.
Gaia astearte arratsaldeko osoko bilkuran landu zen. Antizarrek azken urteetan tasa uraren prezioa baino gehiago igo dela eta Aquarbek kanona dagoeneko amortizatu duela esan zuen. «275.000 euroko irabazi gehigarria lortuko du. Oreka lortzeko, tasa %24 jaitsi behar da. 2022rako ez da eredu berri bat prest egongo eta urtebeteko luzapena oparia da».
Mikel Serrano alkateak ez dela urtebeteko luzapen bat erantzun zion. «Luzapena ez da urtebetekoa izango, esleipena egiteko behar den denbora iraungo du. Eta luzapenak kontratuaren baldintza beretan egiten dira».
Oposiziokoen iritzia
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek kudeaketa zuzena eredu egokiena dela esan zuen eta Capiol enpresak Zumarragako Udalarentzat uraren kudeaketari buruz egindako txostenean akatsak daudela gehitu zuen.
EAJko Josu Idigorasek, berriz, kontuhartzailearen txostena irakurri ondoren, helegitearen aurka daudela esan zuen. Bestalde, beraiek historikoki zeharkako kudeaketa defendatu dutela gogoratu zuen.
«Bizilagunek urarengatik ordaintzen dutena noren eskuetara doan, hori da gakoa», esan zuen EH Bilduko Josu Aztiriak. «Guk dirua udalaren eskuetara joatea eta zerbitzua udalak kudeatzea nahi dugu. Orain arteko ereduarekin, tarifak ez jaistea, enpresaren alde egitea da», gehitu zuen.
Serranok Aquarbek kanona ordaindu beharko duela gogoratu zuen. «Ez da egia Aquarbek 275.000 euro gehiago irabaziko duela kanonik ordainduko ez duelako. Kanona ordaindu beharko du. Kontratu berria esleitu bitartean pasako den denboragatik, 50.000 euro inguru ordaindu beharko du. Bestalde, Inesek Valladoliden udalak kudeaketa zuzena egiten dutela esan du. 50 kontratu txiki kudeatu behar dituzte eta arazoak izaten ari dira. Eta Josuk dirua Aquarberen eskuetara doala dio. Nik herritarrok kalitatezko zerbitzu bat jasotzen ari garela diot. Zumarragan oso ur gutxi galtzen da eta teleirakurketa dugu. Beste herri batzuetan ur asko galtzen da eta oraindik etxez-etxe joaten dira kontsumoaren berri izateko».
Aztiriak mezu «kaltegarria» zabaltzea leporatu zion. «Enpresa pribatu batek udal batek baino hobeto kudeatzen duela esaten ari zara. Hori udalarekiko konfiantza falta da. Bestalde, Capiolek mendeko lehen hamarkadan enpresa pribatuen gehiegikeriak egon zirela onartu du bere txostenean», esan zuen. «Capiolek ez du Zumarragan hori gertatu dela esan, joera bat izan dela baizik. Zuek orain arteko plegu eta kontratu guztietan parte hartu duzue. Aurten hasi zarete orain arte egindakoa kritikatzen».