Ane Odriozola idazleak Iparragirre sarietako bat irabazi du aurten ere
Bertsopaper lehiaketa Aizarnazabalgo Mikel Aiertzak irabazi du eta euskarazko poesia lehiaketa Barakaldoko Elena Sanchezek. Sari banaketa ekitaldia otsailean izango da
2021eko Iparragirre Saria lehiaketak baditu irabazleak. Horietako bat goierritarra da. Ane Odriozola Cia legazpiarra, hain zuzen ere. Euskarazko narratiba ataleko saria irabazi du.
Bertsopaper lehiaketara zortzi lan aurkeztu dira, guztiak 16 urtetik gorakoen mailara. Saria Mikel Aiertza Etxabe aizarnazabaldarrak irabazi du, Pumori 20 urte lanarekin.
Euskarazko narratiba atalari dagokionez, hemeretzi lan aurkeztu dira. Saria Odriozolak irabazi du, Garaiz nagoen bitartean lanarekin. 2019ko edizioan ere euskarazko narratiba saria irabazi zuen.
Erdarazko narratiba atalari dagokionez, 113 lan aurkeztu dira. Saria Miguel Angel Gonzalez Gonzalez madrildarrak irabazi du, Los sobrantes lanarekin.
Poesia
Euskarazko poesia lehiaketa Elena Sanchez Fuentes barakaldarrak irabazi du, Kaleidoskopioak lanarekin. Bederatzi lan aurkeztu dira. Bukatzeko, erdarazko poesia lehiaketa Joan F. Verger Ginard mallorcarrak irabazi du, La casa cerrada lanarekin. 34 lan aurkeztu dira.
Urretxuko eta Zumarragako udalen lehiaketa honetako sariak otsailean banatuko dira.
Odriozola pozik ageri da, noski. «Saritutako lana aurreko edizioa irabazi zuenaren erabat ezberdina da. Hura Gerra Zibilaren ingurukoa zen eta hau, berriz, zazpi eskutitzez osatutako errelato bat da. Emakume batek, gaixo dagoela jakiten duenean, seme-alabei, ahizpari eta hildako senarrari eskutitzak idaztea erabakitzen du. Bere plana garatzeko, zazpi eskutitz horiek idatzi beharra du».
Odriozola Gibola trilogiaren eskutik egin da ezagun. Hiru liburu horiek gazteleraz idatzi ditu eta Iparragirreko sariak, berriz, euskaraz idatzitako lanekin lortu ditu. «Erronka bezala erabaki nuen euskaraz idaztea eta saria irabazteak konfiantza eman zidan. Bigarren sariak are konfiantza handiagoa emango dit, bi lanak erabat ezberdinak baitira. Jada ez dago pentsatzerik gaiagatik edo istorioagatik soilik irabazi dudanik», aipatu du.
Dena den, nobelak gazteleraz idatziko ditu etorkizunean ere. «Nire amarengatik hasi nintzen idazten eta nobelak euskaraz idazteari ekingo banio, nire amak ezingo lituzke irakurri».
Hurrengo liburuan ez da Gibola azalduko. «Lau ideia ditut eta oraindik ez dut erabaki nondik jo. Erabakitze prozesuan nago», azaldu du.