Beasaingo herrigunean abiadura kontrolatuko dute
Herri barruko abiadura muga 30 kilometro ordukoa da. Udalak araua zenbat errespetatzen jakin nahi du. Kasurik larrienetan isunak jarriko dira
Beasaingo puntu ezberdinetan abiadura kontrolatzen arituko dira datozen egunetan. Radar mugikor bat erabiliko dute horretarako. Udalak abiadura mugak zenbat errespetatzen diren neurtu nahi du eta azeleragailua behar baino gehiago zapaltzeko joerari aurre egin. Isunak jarriko dira legea “nabarmen” hausten den kasuetan.
Beasaingo Udalak gogorarazi du maiatzetik herri barruko gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa dela. 20 kilometro ordukoa, galtzadako eta espaloiko plataforma bakarreko bideetan. Neurriarekin pertsonak lehenesten direla, segurtasuna handitzen dela eta hiri-bideetako ezbehar tasa murrizten dela azpimarratu dute. Airearen kalitatea ere hobetzen du,zenbat eta abiadura txikiagoan isuriak orduan eta gutxiago direlako.
“Udal gobernuaren hautua, udalerri eroso, atsegin, iraunkorrago eta irisgarriagoa eraikitzearen alde egitea da eta langintza horren barne aurkitzen da nola ez hiri barruan abiadura muga errespetatzen dela bermatzea”, diote udaletik. “Beasaingo Mugikortasun Planak jasotzen dituen helburuak betetzeko beste pauso bat suposatu zuen abiadura muga honen inplementazioa udalerrian”.