Beste hilabetez luzatuko dute A-636 autobideko bidesariaren aurrez-aurreko zerbitzua
Bi hilabete iraun duen kanpainak "harrera ona" izan duela dio Aldundiak. 1.500 laguni eman diete informazioa eta erdiek baino gehiagok dagoeneko eskuratu dute Abiatu tele-ordainketa sistema. Urtarrilaren 28ra arte, Goierriko sei herritan izango da bulego ibiltaria.
Urtarriletik aurrera jarriko da indarrean Beasain eta Bergara arteko A-636 autobiako ordainsaria. Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio-kanpaina egin du azken bi hilabeteetan, eta errepideak ikutzen dituen herrietan izan da, bidesariaren eta hau ordaintzeko Abiatu tele-ordainketa sistema azaltzeko eta gailuen eskariak egiten laguntzeko. Kanpaina horren helburua “erabiltzaileen zalantzak argitzea eta Abiatu gailua aurrez aurre eskatzeko edo ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotzeko aukera eskaintzea” izan dela azaldu du Aldundiak.
Abenduaren 15ean bukatu zen lehen kanpaina hori,eta Bidegiko arretan zerbitzuak 1.500 herritar artatu ditu bi hilabeteko epean. Horietatik 730ek egin dute Abiatu gailua hartzeko eskaera, eta beste 70ek, autoaren matrikula kreditu txartel bati lotzea aukeratu dute. Gainontzeko guztiek jasotako informazioa etxera eraman dute.
Informazio kanpaina honek “erantzun ona” izan duela ikusita, Foru Aldundiak eta Bidegik herrietako aurrez-aurreko informazio zerbitzua luzatzea erabaki du. Bigarren kanpaina hori abenduaren 20an hasiko da, eta urtarrilaren 28ra arte iraungo du. Hauek izango dira Goierriko herriei dagozkien hitzorduak:
- Ezkio-Itsaso. Abenduak 20 eta urtarrilak 11, udaletxean.
- Ormaiztegi. Abenduak 21 eta urtarrilak 12, Gizarte etxean.
- Zumarraga. Abenduak 22-23 eta urtarrilak 13-14 eta 27, Zelai Arizti kultur etxean.
- Beasain. Abenduak 27 eta urtarrilak 17, udaletxean.
- Legazpi. Abenduak 28-29 eta urtarrilak 18, 21 eta 28, udaletxean.
- Urretxu. Urtarrilak 3-4 eta 24-25, udaletxean.