EH Bildurentzat aurrekontu "gazi-gozoak" dira
Udal gobernuarekin izandako hartuemana "positiboa" izan da, baina emaitzarekin ez dira "hain baikorrak"
Beasaingo EH Bildurentzat 2022rako aurrekontuak ez dira herritarren beharrak asetzeko nahikoak. “Aurkeztu zaizkigun aurrekontuak ohiko inbertsioetara bideratuak daude eta ohi bezala, herrian eta herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzunik ematen ez dien lehentasunak zehaztu dira”, diote. Bost zinegotziek abstentziora jo zuten. “Egungo beharrak asetzeko aukera eder bat galdu delakoan gaude”.
EH Bildurentzat “oso garrantzitsuak” diren zenbait proposamen aurrekontuetatik kanpo gelditu dira. Hala nola, kiroldegiko eta zaintza zerbitzuak publiko egiteko azterlana, landa eremuko auzoek euren beharren arabera kudeatuko lituzketen diru lerroak eta Gazteri sailaren berrezartzea. Aurrekontuak 1,8 milioi euro hazi arren, Ongizate saila gustatuko litzaiekena baino gutxiago hazi da.
Lursail eta baso pribatuak erosteko partidak txalotu egin dituzte. Basogintza eredua aldatzeko eta etorkizuneko ekoizleei laguntzeko balioko duela uste dute. Biziola proiektuari laguntzeko dirua ere begi onez ikusi dute. Berdin, auzotaxi zerbitzua, etxebizitzen alokairurako diru laguntzak sustatzeko lerro zabalgarria eta alokairu sozialerako etxebizitzak sustatzeko konpromisoa.
Udal gobernua “estutzen” jarraituko dutela iragarri dute, dena den. “Guretzat, erronkak argiak dira, trantsizio ekologikoa, zerbitzuen publifikazioa eta gazteek etorkizun oparoa garatu ahal izateko politika ausartak. EAJren erantzuna berriz, obraren gaineko obrak lehenestea”. Udal gobernuarekin egindako bilkuretan izandako “bilkuretan, tonua, jarrera eta konpromisoak” “positibo” baloratu dituzte. “Baina emaitzetan ez gara hain baikorrak”, zehaztu dute. “Irribarre bat marraztua duen horma batekin topatu gara. Tonu goxoa eta erantzunak baiezkoak izan badira ere, emaitzekin entzungor direla frogatu digute”.
Aurrezkien erabilera
EH Bildukoak kexu dira udalak gerakinekin egindako erabilera “gehiegizkoa” izan dela, eta aurrekontuetako kopuruak lausotu egiten direla ondorioz. “Legealdi osoan salatu dugu etengabeko diru lerroetako aldaketek hasierako lehentasunak difuminatzen dituztela”, salatu dute. “Gerakinarekin funtzionatzeko modu hau ez da instituzio publiko baten kudeaketa eredua izan behar”.