Etxetik plazara, hirugarren urtez
Alaken Gabonetako III. Azoka Txikia egingo dute igandean Idiazabalgo plazako karpan. Izena eman duten herritarrek etxean gordetako materiala zein sortutakoa jarriko dute salgai
Gabonak badatoz, eta horrekin batera Idiazabalgo Alaken Gabonetako Azoka Txikia. Igandean egingo dute azokako 3. edizioa herrian, Idiazabalgo Udalak eta Oinherrik antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Plazako karpan izango da, goizez bakarrik, 11:00etatik 14:00etara. Izena eman duten herritarrek etxean gordetako materiala zein haiek sortutako materiala jarriko dute salgai. 10 postu egongo dira guztira, eta erosleek objektu eta jaki ezberdinak aurkituko dituzte bertan. Arropa eta osagarriak, liburuak, eskulanak, vintage objektuak, apaingarriak, belarritakoak, kremak edota teak eramango dituzte saltzaileek etxetik plazara. Bigarren eskukoa zein berria izan daiteke materiala. Herritarrez gain, elkarteek edo taldeek ere parte har dezakete. Aurtengoan bi talde izango dira: Aizan talde feminista, batetik, eta Laukatu Elkartea, bestetik.
2019. urtean ekin zion udalak Alaken Gabonetako Azoka Txikia antolatzeari. Idiazabalen gabonetako azoka bat antolatzeko asmotan, herritarrek berrerabili zezaketen materialez osatutako azoka egitea erabaki zuten. Alazne Elorza udaleko komunitate dinamizatzaileak azaldu duenez, ekimenaren helburua «herritarrek egiten dituzten eskulanak edo materiala berrerabiltzea, herritarren arteko elkarlana sustatzea eta herritarrek egiten dituzten lanekin edo gustuko dituzten produktuekin azoka bat osatzea» da.
Produktu sorta
Igarondo pilotalekuan egin izan dute azoka aurreko bi urteetan, baina aurten plazako karpan izango da osasun neurriak bermatzeko. Aire zabalean izango den arren, musukoa uneoro jantzita izan behar da. Parte hartzaileen artean postuetako produktu sorta bat zozkatuko dute.