Goren mailako igerilariak ekarriko ditu Gabonetako sari nagusiak
Abenduaren 29an, Majori kiroldegian jokatuko da, Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa. Streaming bidez, zuzenean jarraitu ahalko da txapelketa osoa
Bueltan da Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa. Bi urtez behin, Ordiziako Majori kiroldegian egin ohi da, eta aurtengoa, ohiko moduan, abenduaren 29an jokatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundian egin zuten 39. ekitaldia izango den honen aurkezpena. Bertan izan ziren, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Garazi Lorenzo eta Francisco Jose Gonzalez txapelketaren antolakuntzaz arduratzen den Ordizia Igeriketa Taldeko ordezkariak, eta Mikel Gaztelumendi, Euskadiko Igeriketa Federazioko ordezkaria.
Kirol hitzordu garrantzitsua izango da Ordiziakoa, izan ere, elite mailako igerilari onentsuenak elkartuko ditu. Kontutan izan behar da, LEN (Europako Igeriketa Liga) egutegiaren barruan kokatzen dela txapelketa hau, eta nahiz eta COVID-19ak partaide zerrendan eragina izan duen, «maila goreneko» txapelketa izango dela bermatuta dago: «Beste herrialde batzuetako igerilarien partaidetzak behera egin du, hainbat herrialdeetatik bidaiatzeko dituzten zailtasunak direla eta, baina gainera, igerilari batzuek beste txapelketa batzuk ere badituztelako. Hala izanda ere, nazioarte mailako igerilariak etorri, etorriko dira, baina gainera, estatu mailatik etorriko diren igerilari bikainak izango ditugu». Guztira, 300 inguru igerilari ekarriko ditu Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketak.
Antolakuntza lanez arduratu den Ordizia Igeriketa Taldeko bi ordezkariek onartu dute, egoera normalean lan handia bada, lanak bikoiztu egin direla osasun larrialdiagatik. Hala, prentsaurrea baliatu zuten txapelketaren inguruko xehetasunak emateaz gain, bai foru aldundiari, bai Ordiziako Udalari, bai federazioari, emandako laguntzagatik «eskerrak» emateko. Eta hori esanda, azaldu zuten, «pertsona guztien osasuna bermatzeko neurri guztiak hartuko» direla.
Goizane Alvarez aldundiaren ordezkari gisa, «eskerrak» eman ditu, «urte gogorrak izan direlako, eta txapelketa honi eutsi ahal izateko egindako esfortzu handiagatik». Kirol modalitate desberdinetan, «orokorrean» egin den lana azpimarratu du, «baina bereziki igeriketari dagokion honetan, mailari eusteko egin den esfortzuagatik».
Adur Ezenarro, txapelketa jokatuko den herriko ordezkari bezala «pozik» agertu da, «Ordiziarentzat hitzordu oso garrantzitsua» delako, baina gainera, Ordizia Igeriketa Taldeko kide ohia ere baden aldetik, «ikuskizun handi honetaz gozatu ahal izateko aukeragatik». Gehitu zuen, «harrobiarentzat ere hitzordu oso garrantzitsua» dela, «igeriketako idoloak bertatik bertara ikusteko aukera bat delako».
Mikel Gaztelumendi Euskadiko Igeriketa Federazioko ordezkariak, goren mailako igeriketa txapelketa hau antolatzeko aletxo bat jarri duten guztiei «eskerrak» eman zizkien.
Sari garrantzitsuak
10:00etan hasiko da txapelketa, eta 18:30etik aurrera jokatuko dira finalak, eta EITBn eta streaming bidez ikusi ahalko da. Gizonezkoen zein emakumezkoen sailkapen bat egongo da, ‘FINA taula’ erabiliz lortutako puntuazioaren araberakoa izango dena. Sailkapen orokorrean finaletako emaitzak bakarrik hartuko dira kontuan. Lehen hiru sailkatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren garaikurra jasoko dute. Horrez gain, lehen sailkatuak 1.500 euroko saria jasoko du, bigarrenak 1.000 euroko saria eta, hirugarrenak, 500 eurokoa. Euskal Herriko igerilarien artean puntuaziorik altuena lortzen duen igerilariak 300 euroko saria jasoko du.
Igerilari onenak Ordizian
Jessica Vall goi mailako igerilaria egongo da Ordizian, eta kataluniarrarekin batera izango dira, esaterako, Francesca Fangio eta Anna Pirovano italiarrak, Lidon Muñoz, Maria Ramos eta Simona Kubova txekiarra. Gizonezkoetan, berriz, Europako txapelketan hiru domina eskuratu dituen Hugo Gonzalez de Oliveira, Alberto Lozano, Oscar Pascual, Nacho Campos eta Mateo Milli italiarra izango dira Ordizian egongo direnetako batzuk.
Aurten, osasun egoeraren eraginez, nazioarteko igerilari gutxiago izango diren arren, estatuko igerilarien maila azken urteetako altuena izango da, izan ere, Espainiako txapelketan guztira hamalau proba irabazi dituzten zazpi igerilari izango dira Ordiziako Majoriko igerilekuan, eta dominak eskuratu dituzten beste hainbat igerilari ere bai