Lan handiagoa ematen duen segurtasuna baino
COVID ziurtagiriak goierritarrak prest harrapatu ditu. Halere, eraginkortasun txikia ikusten diote, herritarren gehiengoa txertatuta dagoelako eta 'pasaporteak' ez dituelako kutsatzeak ekiditen.
Covid ziurtagiriak goierritar gutxi harrapatu ditu jokoz kanpo. Igartza Monumentu Multzora, esaterako, erabiltzaile guztiak pasaportea eskura zutela hurbildu ziren atzokoan, Aitziber Makazaga Igartzako arduradunak azaldu duenez. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariak herenegun jaso zuen toki itxi gehienetara sartzeko pasaportea erakusteko beharra, eta agindua berehalakoa zen arren, atzo hasi ziren eskatzen toki gehienetan.
Atzizar kiroldegian, adibidez. Erabiltzaileek, sartu aurretik, ziurtagiriaren QR kodigoa harrerako langileari erakutsi behar diote honek eskaneatu eta oniritzia emateko. Erabiltzaile guztiek egin beharko dute, federatuek zein gainerakoek. Ongi iruditzen zaiola dio erabiltzaileetako batek, txertatu gabeko jendea hartzera bultzatzen duelako. «Tabernetara ezin sartzeak edo kuota ordaintzen duzun zerbitzu bat ezin erabiltzeak min emango dio jendeari», zehaztu du. Beste erabiltzaile bati, ordea, «gogaikarria» iruditzen zaio. «Ez naiz seguruago sentitzen. Nahiz eta jakin inguruko denak txertatuta gaudela, berdin kutsatu gaitezke». Kiroldegiez gain, zahar etxe, ospitale, kultur areto eta taberna guztietan erakutsi behar da ziurtagiria.
Arrano tabernako arduradunak ez daude gustura. Pasaportea erakutsi behar izateak bezeroak atzera botako dituela uste dute; gainera, «alferrikakoa» izan arren eurentzako lan extra bat dela diote, eta ez dutela langilerik kontratatzeko ahalmenik. Bezeroetako batentzat, ordea, ez da horrenbesterako lana. «Arazorik gabe deskargatu nuen mugikorrera, eta erakustea minutu bateko kontua da».
Mugikorrarekin horren abilak ez direnek edo ez dutenek inprimituta erakutsi dezakete. Egunotan ohi baino lan gehiago dute inprimategietan.
Eraginkortasuna, ezbaian
Herritarrek eraginkortasun txikia aurreikusten diote. «Bateren bat txertatuko da ziurtagiriarengatik, baina zenbat? Gehienok txertoa hartuta gaude-eta», dio batek. GOIERRIKO HITZAk galdetutako herritar guztiek jada txertoaren-pauta osatuta zuten eta ziurtagiria, prest. Denek erantzun zuten ez zirela seguruago sentituko.