Liburu azokak, gaurtik zabalik
Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburu, disko eta jostailuak erosi ahalko dira, %15 merkeago. Igandera arte egongo dira. Aurkezpen ugari daude Lazkaon
Euskal literaturaren, musikaren eta Goierriko liburu ekoizpenaren plaza eta erakustoki izango dira Ataun, Lazkao eta Segura gaurtik igandera, hiru herrietan gauzatuko den Euskal Liburu eta Disko Azokarekin.
Ataungo 16. Azoka herri antzokian jarriko dute. Gaur 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, bihar nahiz etzi 10:00etatik 14:00etara. Musukoa jantzita eduki behar da nahitaez, eta 49 lagunera murriztu dute azokaren aforoa. Mikel Urdangarin beasaindarrak igandean 12:00etan Simone Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza liburua aurkeztuko du.
Segurako 15. Liburu, Jostailu eta Disko azoka ohi bezala Botikaxarrean jarriko dute, gaur 18:30etik aurrera. Herriko egutegiko argazki sariak banatuko dituzte, eta koruak kantatuko du.
Bai Ataunen, bai Lazkaon eta bai Seguran %15eko deskontua izango dute azokako produktu guztiek, udalei esker.
Aurkezpen ugari Lazkaon
Egile goierritarren aurrez aurreko aurkezpenei eman diete garrantzia Lazkaoko 33. Azokan, plazako frontoian. Bi ordu bereizi dituzte horretarako, gaur (19:00-20:00), eta bihar (13:00-4:00). Oro har, azokaren ordutegia gaur 16:30etik 20:00etara, bihar 10:00etatik 14:00etara eta etzi 11:00etatik 14:00etara da.
Bost produkturen berri egileen hitzetan entzuteko aukera izango da, gaur iluntzean. Irati Garmendia (Xomorro lapurra ipuina), Monika Arratibel eta Xabi Etxaniz (Laino txiki, egizu negar poliki), Enara Garmendia olaberritarra (Etxetik Ameriketara) eta Amaia Telleria idiazabaldarra (Pitzatuta gaude denok) izango dira aurkezle.
Huntza musika taldekoak ere izango dira gaur, Ezin ezer espero azken diskoa aurkezten.
Bihar, 13:00etan, berriz, hiru idazlek hartuko dute mikroa, beren literatura-sorkuntzez mintzatzeko. Lierni Azkargortak Eripoemia poesia liburu saritua aurkeztuko du, Elordi Garciak Imparable hasta la medula, eta Mikel Antzak Arroz urez, ETAren hasieraz eta bukaeraz.
Festa giroa ere izango da, erraldoiekin eta buruhandiekin, bihar eguartean. Etzi, itxierarako Kantaka abesbatza eta Lazkaoko Banda gonbidatu dituzte.
Erraldoi konpartsa kalera
Liburu Azoka animatzearekin batera, aspaldiko partez kalean ikusteko aukera izango da Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandi Konpartsa. Bihar, 11:00etan aterako dituzte plazara herriko bi erraldoiak eta kilikiak. Kalejira eginda inguratuko dute jendea plazako liburu azokara.