Olentzerok eta Mari Domingik plazan jasoko dituzte eskutitzak
San Martin plazan elkartuko dira herritarrekin
Olentzerok eta Mari Domingik Beasainera etorriko direla baieztatu dute, baina San Martin plazan elkartuko dira herritarrekin, Igartzako Burdinolan iragarrita zegoen arren hasieran. 11:30ean iritsiko dira. Harrera dantzatua egingo diote herriko hainbat eragilek, eta eguerdian hasiko dira gutunak jasotzen. Argazkiak atera ahalko dira eta txupeteak uzteko zakua ere izango da. 17:00ak arte ibiliko dira eskutitzak jasotzen, 14:00etatik 16:00etara atsedenaldia eginda. Denen artean gabon kantak abestuko dituzte amaitzeko.
Olentzerori eta Mari Domingiri Hijos de Martin y Loinaz antzerki elkarteak, Beasaingo Erraldoiakek, Kantujira taldeak eta Goizeresi Txistulari elkarteak lagunduko diete. Txistulariek Eguberri egunean kalejira egingo dute, 12:00etan.