Oneka Sanchez eta Xabier Martin dira Beasaingo kirolari sarituak
Sari Nagusia nor izango den osteguneko ekitaldian argituko da
Oneka Sanchez txirrindulariak eta Xabier Martin errugbilariak jasoko dituzte Beasaingo urteko kirolarien sariak. Udalak Beasain Kirol Sarietan omenduko diren kirolarien zerrenda gaur jakinarazi du. Sari banaketa ostegunean izango da, Igartzako Jauregian, 19:00etan. Sanchezez eta Martinez gain, herriko hainbat kirolari eta taldek euren aitortza jasoko dute.
2021eko Sari Nagusia nork irabaziko duen osteguneko ekitaldian bertan jakingo da. Saritu hauen artetik aterako da, hori ziur.
Meritu ugari
Sanchezek asteburu gogoangarria pilatu zuen udaberrian. Maiatzaren 8an omniumeko Euskadiko txapelketa bereganatu zuen eta biharamunean, errepideko Gipuzkoako txapelketa; Martinek, aldiz, 20 urtez azpiko Europako errugbi txapelketa irabazi zuen azaroan Espainiako selekzioarekin; Caribeñosek softboleko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak lortu zituen uztailean eta abuztuan; eta Mendiak, Turrientesek, Aldasorok eta Galarretak, Rayo Vallecanorekin eta Realaren bigarren taldearekin, mailaz igotzea lortu zuten.
Emakumeen kirolean egindako lanak ere izango du aitortza. Esaterako, BKLk berea izango du irailean Emakumeen Ligako Euskal Kopa antolatzeagatik, Loinatz Txirrindulari elkarteak apirilean Emakumeen Espainiako Kopa egiteagatik eta Goierri Gorri bere izaeragatik.
Mikel Larrañagak eskubaloian eta Aritz Imazek futbolean izandako ibilbide “eredugarria” ere aitortu nahi du udalak. Sarion helburua “modu batera edo bestera aurten Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea da helburua”.