PSE-EErentzat aurrekontuak ez dira nahikoak
Beasaingo sozialistek kritikatu dute udal gobernuak ez dituela aintzat hartu periferiako auzoak
Beasaingo PSE-EEk 2022rako aurrekontu-proiektuaren aurka bozkatu zuen. Eva Alvarez bozeramaileak azaldu du “Aranzazu eta Mateo Mujika kaleetarako irisgarritasuna hobetzeko konpromiso politiko falta salatzeko” egin zutela. “Eskaera historikoa da, herritarrek nahi eta behar dutena”.
Alvarezek esan du EAJren gobernuak argudiatutako proiektuaren konplexutasuna eta kostua aitzakiak direla. “Gure ustez, aurrekontua herritar guztien eskubideak bermatuko dituen tresna izan behar du, berdintasunezkoa, soziala eta inklusiboa». Auzotarrek ezin dutela gehiago itxaron azpimarratu du. Egoerak, adineko biztanleriari ez ezik, bizilagun guztiei ere eragiten diela gaineratu du.
“Garrantzitsua” den beste proiektu bat ere kanpoan utzi dutela salatu du. Isabel Olanoren parke berrian komun publiko bat jartzea, zehazki.
Mariarats kaleko erabilera anitzeko parkearen estaldurarako, Txindoki institutura joateko eskilerak konpontzeko, maskoten adopzioa sustatzeko eta semaforoak soinu-sistemaz hornitzeko diru partidak txalotu dituzte.
Aberatsena, pobre
Azkenik, Alvarezek esan du 2022rako aurrekontua altuenetako bat izani arren, PSE-EErentzat “pobrea” dela; “izan ere, Beasaingo Udala eskualdeko aberatsenetakoa den arren, eta aurrezki gehien duen arren, herritarren ongizatea hobetzen gastatzeko eta inbertitzeko gaitasuna ez dabaliatzen ari”. Aurrekontu “sozialagoak” eta “parekideagoak” aldarrikatu ditu, “Beasaindar guzti-guztientzat, auzo handi edo txikietakoak izan, erdigunean edo perimetroan urrun, inor baztertu gabe”.