Kultur zaleen joan etorria etengabea da eta askok, %15eko beherapena baliatuta, erosketak egiteko aprobetxatu dute
Lazkaoko liburu eta disko azokan jendearen joan etorria amaigabea da. Antolatzaileak gustura daudela aitortu dute. Atzo atsedenik gabe aritu ziren lanean; gaur eguerdian egindako liburuen aurkezpenetara ere 50 bat kultur zale hurbildu dira. Lierni Azkargortak Eripoemia poesia liburu saritua aletu du, Elordi Garciak Imparable hasta la medula, eta Mikel Antzak Arroz urez, ETAren hasieraz eta bukaeraz aritu da; bihar ere azoka zabalik izango da. Azken eguna izango da.
Liburu eta disko artean dabiltzan guztien artean asko animatzen dira erostera. Datorren urterako agenda bat erosi du batek: “banekien zer erosi. Urtero azoka aprobetxatzen dut agenda erosteko”, dio. 33. azoka da aurtengoa. Beste batek pare bat eleberri erosi ditu, gazteentzat eta helduentzat. “Etxean badugu irakurtzeko ohitura apur bat eta beraientzat, opari”.
Lazkaotarrez gain Goierritik eta urrutiagotik datozen kultur zaleak batu dira. Euskal jatorriko Ameriketako Estatu Batuetako familia bat ere izan da. Alaba Maizpide euskaltegian euskara ikasten dabil eta gurasoak bisitan etorri dira. Euskadi Enparantzako pilotalekutik pasa dira eta Lazkao Txikiren buruhandiekin argazki bat ere atera dute.
Erraldoiak eta buruhandiak kaleak girotzen izan dira eguerdi partean, dultzaineroen erritmora. Makina bat korrikaldi egin dute lazkaotar gazteenek. Baita kolperen bat edo beste jaso.
Ataunen eta Seguran ere bai
Ataunen eta Seguran ere azokak zabalik daude. Ataungo herri antzokian dago azoka, 10:00etatik 14:00etara. Bihar, gainera, Mikel Urdangarin beasaindarrak igandean Simone Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza liburua aurkeztuko du, 12:00etan. Segurakoa Botikaxarrean daude.
Bai Ataunen, bai Lazkaon eta bai Seguran %15eko deskontua izango dute azokako produktu guztiek, udalei esker.