Idiazabal UEMAko 94. herria da
Idiazabalen egin dute UEMAko urte amaierako batzar nagusia, gaur goizean. Goierriko hamabi herri dira mankomunitateko kide
Idiazabal Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide bilakatu da gaur goizean, herrian bertan egindako batzar orokorrean eskaerari aho batez oniritzia eman ostean. Aloña Barandiaran Euskara eta Kultura saileko arduradunak urrats “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du, “saretzeari esker pauso sendoak emateko laguntza” izango dutelako. Idiazabalen euskararen alde lan egiten duten herritar eta eragile guztientzako esker oneko hitzak izan ditu. UEMAko kide izateko biztanleen %70ak baino gehiagok euskaraz jakin behar du.
Iñaki Alberdi alkateak euskara “maila onean” dagoela esan du. Egindako azken neurketetan erabilerak “zertxobait” gora egin duela gaineratu du. Baina udal ordezkariek hutsuneak badituztela aitortu dute. Kanpotik Idiazabalera iristen direnak euskarara erakarri nahi dituzte, esaterako. “Lanean segi behar dugu”, borobildu du Alberdik.
Idiazabal mankomunitateko 94. herria da. Goierriko dozena bat daude tartean: Altzaga, Arama, Ezkio eta Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Zerain. “Etorkizunean ea inguruko herriak erakartzen ditugun, herri handiagoak”, desiratu du Barandiaranek. Orain Euskal Herri osoko 275.000 biztanleko lurgunea osatzen dute. Bidania-Goiatz (Gipuzkoa), Elduain (Gipuzkoa) eta Ibarra (Gipuzkoa) ere mankomunitatera batu dira gaurkoan.
Atzera begiratu aurrera egiteko
Idiazabalen elkartu dira UEMAko herri guztietako ordezkariak. Amaitzear den urtearen balantzea eta 2022rako egitasmoak jorratu dituzte. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: arnasguneen garrantzia jendarteratzeko udaberrian egindako Arnasa Gara kanpaina, euskararen kale erabilera neurtzeko egindako ikerketa, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua irakasleei eta gurasoei zabaldu izana, hizkuntza irizpideak lantzeko herrietako eragileekin egindako saioak, edota kontzientziazioan eragiteko erdaldunentzat bideratutako tailerrak.
Datorren urterako erronkak identifikatu dituzte. Udalen eta udalerrien euskalduntzean sakontzeko eman beharreko urratsak zehaztu dituzte. Esaterako, ikus-entzunezkoei dagokienez, udalek urte osorako euskarazko edukiak bermatzeko ekimen aitzindari bat martxan jarriko dute. Udalerri Euskaldunen Eguna ere egokituko da 2022an. Goierrin izango da, gainera, Seguran.